Grand Théâtre de Genève Balletak koreografia berriaren Estatu mailako estreinaldia eskainiko du Arriaga Antzokian

Suitzako ballet ospetsuak, programa bikoitza eskaintzen du: Faun pieza ikonikoa, bi dantzarirentzat egindakoa; eta Ukiyo-e pieza berria, taldekoa, hemeretzi artistarentzat prestatutakoa.

Arriaga Antzokiak pauso indartsuz hasi du urtea, Ballet du Grand Théâtre de Genève nazioarteko mailako ballet konpainiaren bitartez. Sidi Larbi Cherkaoui koreografo ospetsuaren gidaritzapean, bi programez gozatzeko aukera izango dugu. Batetik, koreografoak berak egindako Faun koreografiaren bertsioa, bi dantzarirentzako pieza ederra, eta, bestetik jada aipatu dugun Ukiyo-e obra korala, Cherkaouik berak ere sortutakoa eta 19 dantzari izango dituena. Arriaga Antzokiak programatutako bi emanaldiak egun hauetan izango dira: ostiralean, urtarrilaren 20an, 19:30ean, eta larunbatean, hilaren 21ean, 19:00etan.

Estatu mailan, lehen aldia izango da konpainia suizarraren emanaldi berria ikusteko aukera egongo dena. Horregatik, dantzaren munduan aipagarria da emanaldiak sortu duen zirrara. Izan ere, Europako konpainia handienetako bati buruz ari gara, noski, baina baita Belgikako eszena garaikidearen figura enblematiko bati buruz ere, Sidi Larbi Cherkaouiri buruz, alegia. Koreografo belgikarrak 50 koreografia baino gehiago ditu bere ibilbidean eta sari sorta bat, besteak beste, bi Olivier sari, Tanz-en "urteko koreografo onena"-ri dagokion hiru sari eta 2009ko Kairos saria.

Estreinaldia Estatuan

Programaren bigarren pieza Ukiyo-e da, Bilbora ia labetik atera berritan iritsiko dena; izan ere, mundu mailako estreinaldia Genevan egin baitzuten 2022ko azaroan, duela bi hilabete eskas. Pieza hau sortzeko, Sidi Larbi Cherkaoui "Mundu flotagarriaren irudiak" japoniar terminoan inspiratu zen. Kontzeptu honek izena eman zion Edo garaian sortu zen eta egungo unea harrapatzea xede zuen mugimendu artistiko bati egiten dio erreferentzia.

Koreografia Alexander Dodge eszenografoarekin elkarlanean sortutako egitura mugikor baten bihotzean kokatzen da, dantzariek bidea galtzen duten ezinezko eskailera sare baten itxura hartzen duena. Labirinto-itxurako egitura mugikor horiek zubi edo oztopo izan daitezke, igoera zein gainbehera irudikatzen dituzte, eta maila-segida horretan gorputzek bat egin, solastu eta elkar kutsatuko dute. Emanaldian zehar Szymon Brzóskaren hari- eta piano-hirukoterako konposizio berriak entzungo dira eta, gainera, Alexandre Dai Castaing-en erritmo-, perkusio- eta elektronika-lanez osatutako zuzeneko musika entzungo dugu.