Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak deituriko mobilizazioak 400 pertsona baino gehiago bildu ditu Bilbon

uriola.eus 2023ko ots. 3a, 18:28
Argazkia: Minbiziaren Aurka Bizkaian

Minbiziaren aurkako nazioarteko egunaren bezperan, elkarteak ekitaldi sinboliko bat antolatu du. Helburua, gizarteari 2030erako minbiziaren biziraupena % 70ekoa izateko erronkarekin bat egitera animatzea izan da.

Gaur goizean, Elkarteak minbiziaren aurkako giza lazo bat osatu du bertaratu diren 400 pertsona baina gehiagorekin. Parte-hartzaileen artean, minbiziaren aurkako elkarte bizkaitarretako, Bizkaiko Foru Aldundiko, Bilboko Udaleko, elkargo ofizialetako, ikastetxeetako eta minbiziaren ikerketako ordezkariak izan dira, besteak beste.

Ekitaldian zehar, parte hartu duten elkarteek (Acambi, Argia Ostomizatuak, Laringektomizatuen Bizkaiko Elkartea, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkartea, Aspanovas, Bizadelprise, La Cuadri del Hospi eta Pausoz) egindako eta sinatutako manifestua irakurri da. Bertan, egun minbiziak suposatzen duen osasun arazoa nabarmendu dute. Acambiko buru den Anabel Jiménezen esanetan “2030erako 21,6 milioi kasu berri aurreikusten dira: 2 gizonetik 1ek eta 3 emakumetik 1ek edukiko dute gaixotasun hau. Ondorioz, minbiziari beharrezko duen lehentasuna eman behar diogu, 2030erako minbiziaren % 70eko biziraupena lortzeko eta, era berean, gaixotasun honek sortzen dituen
desparekotasunak murrizteko”.

Hain zuzen ere, erronka horri aurre egiteko erakunde zientifikoen, enpresen, gizarte zibileko elkarteen, herritarren eta, batez ere, instituzioen konpromisoa eta babesa ezinbestekoa dela azpimarratu dute. Azkenik, osasun publiko, unibertsal eta doako baten defentsa egin dute. Horregatik, ezinbestekotzat jo dute gaixotasun hau pairatzen dutenentzat eta beraien familientzat arreta integrala bermatzea, hala nola profesionalen prestakuntza eta antzemate goiztiarra sustatzea.