Askapenak NATOren eta Europar Batasunaren mugimendu inperialisten aurkako manifestazioa antolatuko du martxoak 11an

uriola.eus 2023ko ots. 7a, 14:33

“NATO-EB ez! Euskal Herria antiinperialista” lemapean, euskal erakunde internazionalistak urgentziazkotzat jotzen du egungo testuinguruan Euskal Herri antiinperialista eta internazionalista bat aldarrikatzea.

Gaur goizean, erakundeko kideek Alde Zaharreko La Bolsa gizarte etxean egin dute manifestazioaren inguruko prentsaurrekoa eskaintzeko.

Aurten, martxoaren 12an, Euskal Autonomia Erkidegoak Espainiar Estatua Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen (NATO) parte izaten segitzeko erreferendumean ezezkoa esan zionetik 36 urte beteko dira. Efemeride horren bezperan, Askapenak bereziki Ukrainia eta Errusiaren arteko gerran NATOren eta EBren “ofentsiba inperilistari aurre egiteko” mobilizaiorako deia egin du.

Prentsaurrekoan, hasieratik egungo krisi ekonomikoa sistema kapitalistak berezkoa duen ezaugarri batekin lotu dute. Hain zuzen ere, potentzia atlantistak Ekialderantz garatzen ari diren ofentsiba, Ameriketako Estatu Batuen hegemoniaren ahultzearekin eta, bestalde, Txinaren eta Errusiaren indar ekonomikoaren eta politikoaren gorakadarekin lotu dute.

NATO: formazio militar bat baino gehiago

Beraien ustez, NATO burgesiaren armada da. Horretaz gain, “kapitalaren politikei aurre egiten dien edozeinen aurka egiteko adar militarra izatea” du helburu. Honen adibidetzat hainbat ondorio aipatu dituzte: langileriaren gainesplotazioa eta prekarizazioa; lan eskubideen murrizketak… Zentzu honetan, espainiar Estatuko aurrekontu orokorrak jo dituzte erakusle modura. “Herri langileen baldintza materialak okertzea babesten dute, NATOren mesedetara; izan ere, gaitasun gehiago eman zaizkio, eta burgesiaren interesak defendatzeko azpiegitura zibilak eskuratzeko eskubidea aitortu zaio”. Hortaz gain, Donbasseko errepublikekiko elkartasuna adierazi nahi izan dute.

Horregatik, “burgesiaren aparatu politiko guztiak suntsitzea” beharrezkoa deritzotelako, herri langileen borroka aldarrikatzeko eta “inperialismoaren erasoaldi” honen kontra batzeko deia egin dute.  Manifestazioa Eliptika Plazatik irtengo da martxoaren 11ean 17:30etan.