Omenaldizko kontzertua eskainiko diote Kepa Junkerari martxoaren 9an

uriola.eus 2023ko ots. 9a, 18:51

Gaur ospatu dute ekitaldiaren aurkezpena Bilboko Campos Elíseos Antzokian. Bertan, euskal musikariaz gain, erakunde eta eragile desberdinen ordezkariek hartu dute parte.

Martxoaren 9an euskal musikaren eta kulturaren ikur garrantzitsuenetako bati egingo zaio omenaldia Arriaga Antzokian. 1986an lehen diskoa atera zuenetik, doinu berrien etengabeko bilaketan jardun da Kepa Junkera. Bere musika ibilbide oparoan 20 diska atera ditu guztira, 400 abesti baino gehiago plazaratuz. Trikitixarekin batera 30 urte baino gehiago jardun den aldi honetan, euskal musikan eta kulturan ez ezik, nazioarteko beste zenbait artistekin ere aritua da Errekaldeko musikaria.

Gaurko aurkezpenean, Kepa Junkerarekin batera, ekimenaren antolakuntzan parte hartu duten 4 pertsona izan dira kontzertuaren nondik norakoak azaltzen: Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol saileko diputatua; Iñaki López de Aguileta, Bilboko Udaleko Kultura Zuzendaria; Igor Otxoa, Txalap.ART produktoraren izenean; eta Oskar Castaño, SGAEren izenean. Laurek adierazi duten bezala, martxoaren 9koa bilbotarrak ibilbide aberats eta luze horretan egin dituen lagun guztien artean antolatutako ikuskizuna izango da. Ekitaldian zehar, momentu batez, Junkerak berak omenaldiaren inguruan egin dituen adierazpenak irakurri dituzte. Hitz hauetan, antolatzaileentzako eskerrak emateaz gain, artistak, beste behin ere, Bilborekiko eta Athleticekiko maitasuna adierazi du.

Dantzaz eta musikaz betetako ikuskizuna

Jon Mayaren eta Harkaitz Martinezen gidaritzapean, bi ordu inguruko emanaldia eskainiko dute. Guztira, 55 artista profesionalek eta dozenaka amateurrek parte hartuko dute. Saioak, 2 ordu inguruko iraupena izango du eta trikitilariaren abesti ezagunenak ez ezik, parte hartuko duten musikari batzuk euren abestiak ere joko dituzte.

Antolatzaileek aipatu dutenez, ezin izan dute Junkeraren omenaldi honetan parte hartzeko gogoa erakutsi duten artista guztiak sartu. Joko dutenen artean, aipatzekoak dira, besteak beste: Oreka TX, Sorginak La Cobla… 

Hortaz, Arriaga Antzokian biziko dena ibilbide guzti horretan zehar euskal kulturaren eta musikaren alde egindako esfortzua eskertzeko ekitaldi bat izango da. Azkenik, saioaren bitartez bildutako dirua artistaren egoera ekonomikoa osatzera bideratuko da.