Bilboko Udalak Iturribide kalea eraberrituko du

uriola.eus 2023ko mar. 28a, 09:16
Iturribide kaleak izango duen irudi berria. Argazkia: Bilboko Udala.

Milioi bat baino gehiago jasoko dituen proiektuak 3.100 metro koadroko eremua eraberrituko du, Iturribide eta Aurrekoetxea plazaren arteko bidegurutzetik Zazpi kaleetaraino.

Bilboko Udalak milioi bat baino gehiago inbertituko du Iturribide kalea eraberritzeko. Proiektuak 3.100 metro koadroko eremua izango du kontuan, Iturribide eta Aurrekoetxea plazaren arteko bidegurutzetik Zazpi kaleetaraino.

Hobekuntza-planaren helburua kale horri “estetika modernoagoa” ematea izango da. Horretarako, galtzadaren zabalera murriztea, espaloiak handitzea eta eserlekuak, eserlekuak dituzten jardinerak eta aparkalekuak jartzea aurreikusten da, besteak beste. Era berean, espaloien zoladura erabat eraberritzea eta kaleko argiztapena hobetzea ere aurreikusten da.

Asier Urbanza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako zinegotziak azaldu duenez, datozen asteetan lizitaziora aterako diren lanek 1.322.711,91 euroko aurrekontua eta sei hilabeteko gauzatze-epea izango dute.

Proiektuak 3.100 metro koadroko jarduketa-eremua aurreikusten du, Iturribide kalearen eta Aurrekoetxea plazaren bidegurutzetik, 61 eta 78 zenbakietatik, Zazpi kaleetako 37 eta 46 zenbakietaraino.

Obraren faseak

Eraberritze proiektua hainbat fasetan ezarriko da, bizilagunei ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko, Abaunzak jakinarazi duenez.

Lehenik eta behin, aparkaleku-partzelak ezabatu egingo dira. Horretarako, aldez aurretik ibilgailuak kaletik atera beharko dira, prozesu osoan zehar ibilgailuak eta oinezkoak etengabe igaro ahal izateko.

Hirigintza zinegotziak adierazi duenez, kalea asfaltatzeko unean bakarrik itxiko da kalea, baina lan horiek gauez egingo direla zehaztu du.