Bilboko 1983ko uholdeetan konpartsek izan zuten paperari buruzko hitzaldia, bihar, La Bolsan

uriola.eus 2023ko api. 26a, 12:54
Argazkia: Bilboko Konpartsak

Aurtengo abuztuan 40 urte beteko dira Bilbon gogoratzen diren uholde txarrenak izan zirela. Horren harira, bihar, apirilaren 27an, Bilboko Konpartsak antolatutako solasaldia egingo da La Bolsa eraikinean arratsaldeko 19:00.

Ekitaldian parte hartu dutenek 1983ko uholdeetan konpartsek jokatu zuten rola izango dute hizketagai. Hala, hona hemen solasaldian arituko direnak: Alazne Olabarrieta (1983ko Txupinera, Mamikiko konpartsakidea), Karmelo Landa (1978an lehenengo Jai Batzordeko kidea, 1983an Txomin Barulloko konpartsakide eta garbiketa-brigadetan aritua), Francis Díez (Doctor Deseo taldeko abeslaria), Javier Rodriguez (Zazpikaleko Bihotzean auzo-elkarteko lehendakaria eta Tximitxurri konpartsako kide izana), Amaia Goikoetxea (Kazetarien Euskal Elkargoko Lehendakari eta Dekanoa) eta Maria Jesús Lanciano (Iralako auzo-elkarteko kidea eta 1983ko Jai Batzordeko kidea).

Egitasmoaren izena “Elkarlan bira” da eta haren barruan beste hainbat ekintza eramango dira aurrera. Antolatzaileek adierazi dutenez, “Aurtengo Aste Nagusian 40 urte beteko dira 1983ko uholdeak izan zirenetik. Bilboko Konpartsok, aurten, orduan gertatu zena eta konpartsek zoritxarrari aurre egiten jokatutako rol garrantzitsua gogora ekarri nahi dugu Elkarlan Uholdearen bidez. Hain zuzen ere, elkarlana, elkartasuna, talde-ikuspegia eta, horien arabera, "eskuak zikintzeko" prestutasuna aintzat hartzeko balioak dira, gure iritziz, nabarmendu eta zaindu beharrekoak”.

Bestalde, efemeride honen garrantzia dela eta, Bilboko Konpartsak gertaera honen inguruko erreportaje bat egin du; solasaldian estreinatuko dena, alegia. 15 minutuko erreportaje labur honetan, orduan konpartsakide zebiltzan zenbait pertsonen testigantzak jaso dituzte.