Superberriak, BMren frankizia, 28.533,57 €-ko isuna ordaintzera kondenatu dute

uriola.eus 2023ko api. 27a, 11:09

Superberriak kateko langileak greban, 2022an. Argazkia: LAB Sindikatua.

Epaiaren arabera, jazarpenagatik eta Bilboko Alde Zaharreko denda bateko langile baten osotasun fisiko eta moralerako eskubidea urratzeagatik kondenatu dute.

LAB sindikatuak jakinarazi duenez, jazarpenagatik eta langile baten osotasun fisiko eta moralerako eskubidea urratzeagatik 28.533,57 euro ordaintzera kondenatu dute Superberriak, BMren frankizia.

Izan ere, langile batek supermerkatu katearen Bilboko Alde Zaharreko dendako nagusiaren partetik laneko jazarpena jasan zuelakoan salatu zuen. Orain, epaiak dioen arabera, “ez zen portaera episodiko hutsa, baizik eta, duen garrantziagatik, langilearen baliabide psikiko eta psikologikoak urra ditzaketen jarduerak”.

Hain zuzen ere, dendaburuak langileari zehapen neurrigabea eta justifikaziorik gabekoa ezarri zion. Gertakari horiek direla-eta, langilea aldi baterako ezintasun-egoeran egon da, tratamendu psikologikoa jasotzen.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Lan Arloko Salak langilearen osotasun fisiko eta moraleko eskubidea urratzen duela adierazi du. Gainera, enpresak langilearen babes-betebeharrak ez betetzeak ere lan-kontratua urratzea ekarri du, horrek dakarren langilearen osasunerako eskubide urraketarekin.

Auzitegi Nagusiak zigor irmoa ezarri dio BM katearen frankiziari: 28.533,67 euroko isuna.