Gaur hasiko dira Bilboko Alde Zaharreko jaiak

uriola.eus 2023ko mai. 31a, 10:52

Gaurtik igandera bitarte, ekainaren 4ra arte, ospatuko dira Bilboko Zazpi Kaleetako festak.

Joan den astean iragartzen genuen bezala, Bilboko auzoetako jaien bolada abian da. Hala, behin Indautxu eta Zurbaranbarriko jaiak ospatu eta gero, Alde Zaharrekoen txanda da.

Era horretan, txupina arratsaldeko 20:00etan izango da Posta Kaleko 23. zenbakian eta bertan ekingo diote jaien lehendabiziko egunari “Ez Dok Hiru” antzerkiaren bitartez. Bihar eta ostiralean, ordea, lehenago ekingo diote aisialdi ekitaldiek; ostiraleko kasuan gainera, aukera izango da gauez parranda jarraitzeko, 7Katu gaztetxean Dj Juseffek eskainiko duen kontzertuari esker.

Larunbata izango da ekitaldi gehien antolatu diren eguna; goizeko 9:00etan Diana gaiteroekin hasita eta Bidean Erromeriarekin bukatuta. Azkenik, igandean, ekainaren 4an, egunean zeharreko ekitaldi desberdinekin emango diete amaiera jaiei: 13:00etan BertsoPoteo musikatua Miren Amuriza eta Igor Elortzarekin, 14:00etan Plaza Berrian antolatuko den parrilladarekin eta 16:30etan leku berean jokatuko den auzoko emakumeen futbito txapelketarekin.