Bizkaiko ostalaritzako langileek lanuzteak iragarri dituzte gaurko

uriola.eus 2023ko eka. 1a, 11:14

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek sektoreko langileek 2020ko urtarrilaz geroztik soldata igoerarik gabe daramatela salatzeko zenbait mobilizazio aurrera eramango dituzte hiriburuan.

Sindikatuek salatzen dutenez, langileek pandemiaren eraginak ordaintzen jarraitzen dute. Azken igoeratik bizi duten egoeraren inguruan, “Denbora-tarte horretan, aldi baterako lan-erregulazioak jasan dituzte lehenik (sektorearentzat inoiz soluziorik ekarri ez zutenak), eta gero partzialak (langileen baldintzak erabat malgutzea ekarri zutenak)”. Era horretan, sektoreko hitzarmena negoziatzea exijitu dute.

Aipatu dituzten datuen artean, bereziki esanguratsua da azken igoeratik KPIa %12a igo den eta sektoreko prezioek %15etik gora egin duten bitartean, euren soldata igo ez izana. “Sektoreko enpresek beren irabazi-marjinak handitu nahi dituzte, beste behin ere, langile-klasearen kontura. Sektoreko enpresek estutu egin nahi dituzte langileak Covidak utzitako faktura ordaintzen amaitu arte”.

Zentzu horretan, bizi duten egoera salatzeko, soldaten igoera eskatzeko eta lan-baldintza duinak exijitzeko, “Bizkaiko Hitzarmenaren Negoziazio Mahaian ordezkaritza duten sindikatu guztiok deitu ditugu gaurko lanuzteak”. Bilbon egingo dituzten mobilizazioen artean: 13:00etatik 14:00etara elkarretaratzea Bilboko hotel desberdinetan (besteak beste, NYX eta RADISON) eta 20:00etatik 22:00etara kalejira Ledesma kaletik abiatuta, Santiago Plazara iritsi arte.