Miren Agur Meaberen “Kristalezko begi bat” obraren irakurketarekin ospatuko du Bilbo Zaharra euskaltegiak Arriaga Antzokian 50. urteurrena

uriola.eus 2023ko eka. 6a, 14:41
Argazkia: Bilbo Zaharra euskaltegia

Ekitaldia ostegunean, ekainaren 8an, izango da. Hala, mende erdiko ibilbidea eta ikasturte honen amaiera ospatuko dute.

Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurketa Etenik Gabearen XVI. edizioak Miren Agur Meaberen “Kristalezko begi bat” eleberria izango du protagonista aurten. Era horretan, Bilboko Zazpikaleetan kokatutako euskaltegi honen 50. urteurrena ospatzeko ere balioko du. Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Laboral Kutxak babesten duten ekimena Arriaga Antzokian izango da goizeko 08:00etatik eguerdiko 14:00etara.

Antolatzaileek adierazi dutenez, “liburuaren hautaketaren helburua da, besteak beste, gaur egun lehen lerroan ari diren emakumezko guztiak omentzea, literaturako ahots eta begirada berriak jasotzea eta klasikoetatik orainera zubia eraikitzea”.

Ekitaldiari Meabek berak emango dio hasiera, liburuaren lehenengo lerroak irakurriz. Ondoren, 200 bat pertsonek hartuko dute parte etenik gabeko irakurketa saioan. Ohikoa denez, euskal gizartearen arlo guztietako jendea izango da ekitaldian: kultura- eta gizarte-eragileak, ikasleak, irakasleak, erakunde guztietako ordezkariak, elkarteetako kideak, etab. Tarteka, Bilboko institutuetako ikasleak, diasporako kideak eta munduko 50 euskal etxeetako euskara ikasleak irakurtzen agertzen diren bideoak proiektatuko dira.

Gerturatu ezingo direnentzat ere, saioa jarraitzeko aukera izango da. Arriaga plazan pantaila erraldoi bat jarriko da eta bertatik jarraitu ahal izango da zuzenean etengabeko irakurraldia, baita EITBren webgunetik ere. Bestalde, Zazpi Kaleetako eta Abandoko Metro Geltokietan aurreko edizioetako argazki eta kartelez osatutako erakusketa egongo da ikusgai egunotan.