Etxebarrieta Memoria Elkarteak deituta, atzo arratsaldean Txabi Etxebarrieta oroitu zuten Bilbon. Duela 55 urte, 1968ko ekainaren 7an hain zuzen, Guardia Zibilak Etxabarrieta hil zuen Tolosako Benta Haundin. Era horretan, aipatutako ekitaldiaz gain, goizean ere Derioko hilerrian oroitu nahi izan zuten.
Elkarteak salatu duenez, “Txabiren figura eta hura hil zuten modua gogoratzea askotan izan da zigortua. Dozenaka adibide ditugu lehenengo urteurrenetik. Duela bi urte Bilboko Udalak debekatu egin zuen Egiari Zor elkarteak Iñaki Egaña Euskal Memoriako historialaria eta Javier Buces Aranzadiko forensearen partaidetzarekin antolatutako hitzaldia”.
Izan ere, aipatzekoa da Etxebarrieta Bilboko Udalaren biktimen zerrendan “argitu gabeko kasu” bezala ageri dela eta Gogora Institutuak polizia frankistak eraildako biktimatzat hartzen du bere txostenetan. Bestalde, iaz EHUk eta Aranzadik argitaratutako txostenean, kasu hau ikerketa ofizial bat egiteko beharra adierazi zuten.
Azkenik, atzoko ekitaldiaren antolatzaileek “gatazkaren biktima guztien” aitortzaren alde ekiteko konpromezua aldarrikatu zuten. “Probokazioak ugariak izango dira, saiakera guztiak egingo dituzte Herri hau atzera begira jartzeko baina ez dute lortuko! Memoria etorkizunez bete dezakegu edo, aitzitik, sektore erreakzionarioenek bezela, aurrera ez egiteko eta biribilgune batean ibiltzeko tresna izan”.