Arriaga Antzokiak bisitarientzako ateak irekiko ditu

uriola.eus 2023ko ira. 1a, 12:32

Asteburu honetatik aurrera, Arriaga Antzokiak bisita gidatuak berreskuratuko ditu. Bisitak 50 minutukoak izango dira eta hiru hizkuntzatan eskainiko dira: euskaraz, erdaraz eta ingelesez.

1890ean eraikita, Monumentu Artistiko izendatuta dagoen arkitekturako harribitxi honek ateak parez pare irekiko ditu Bilboko eraikin enblematiko hori ezagutu nahi duten guztientzat. Oinezkoak begi bistan dauka bere arkitektura neo-barrokoa, baina hemendik aurrera bisita gidatuei esker jende guztiak barruko diseinu eta arkitektura berezia ezagutzeko aukera ere izango du. Bihar, irailak 2, lehenengo bi bisitak gaztelaniaz eskainiko dira, 12:00etan eta 13:00etan. Hurrengo egunean, hilak 3, igandea, 11:00etan hasita ingelesez egin daiteke bisita eta 12:00etan euskaraz.

Dagoeneko salgai dira irailean zehar izango diren bisita gidatuetarako sarrerak, online zein leihatilan, eta datak gehituko dira apurka apurka. Garrantzitsua da aipatzea bisiten egutegia jarduera eszenikoaren araberakoa dela, eta une bakoitzean antzokiaren baitako espazioek duten okupazioaren araberakoa. Beraz, bisitak ez dira astebururo egingo.

Bisitak antzokiaren atarian hasiko dira, eta Juan Crisótomo de Arriaga eskaileratik jarraituko du foyerreraino. Ibilbidean, normalean jendea sartu ezin daitekeen zenbait areto ezagutuko dira, Orient Express aretotxoa eta areto Isabeldarra, besteak beste.

Jarduera kultural honen prezioari dagokionez, sarrerak 5 eurokoak izango dira eta 3 eurokoak mugikortasun urria duten pertsonentzat. Horrez gain, sarrera doakoa da lagundutako 18 urtetik beherakoentzat (heldu bakoitzeko bi sarrera gehienez) eta 25 urtetik beherako ikasleentzat. Doako sarrerak leihatilan emango dira, bete arte.