FESTEN: Thomas Vinterberg zinemagile daniarraren filme iraultzailea antzeztuko dute euskeraz Arriagan

uriola.eus 2023ko urr. 4a, 11:09
Argazkia: Arriaga Antzokia

Maria Goiricelayak zuzenduriko antzerkia ikusteko saioak ostiraletik igandera egingo dira.

Thomas Vinterberg (Fredereksberg, Danimarkan jaioa 1969an) zine zuzendari eta gidoilari ezaguna da, batik bat Jagten (Ehiza, 2012), Druk (Beste ronda bat, 2020) eta Festen (Ospakizuna, 1998) filmeengatik goraipatua; Dogma 95 migimendu zinematografiko abangoardistaren sortzaileetako bat izan zen, Lars Von Trierrekin batera. Mugimendu honek zinema sortzeko modu tradizional eta “sinesgarri” baten alde egitea du helburu, efektu bereziei eta gainprodukzioari muzin eginez, zinema “benetako” edo “puru” bat lortzeko, ikuslearekin elkarrizketa zuzen bat bilatuz.

Festen izan zen Dogma 95 mugimenduari hasiera eman zion filmea, testu gordina oinarri: aitaren 60. urtebetetzea ospatzeko etxera itzuli, eta Jonek aitak umetan bera eta arrebari eginiko erasoen berri ematen die senitarteko guztiei. Filmeak zauri hauek ixteko familia osoak bizi duen prozesu mingarria jasotzen du, gizarte klasista eta patriarkalaren ezkutuko krudeltasuna aztertuz.

Vinterbergen testua moldatu dute Lucia Astigarraga eta Maria Goiricelayak, Kepa Errasti aktore eta gidoilariak euskeratu, eta bertako aktoreen laguntzaz plazaratuz: Egoitz Sánchez, Mikel Martinez, Lander Otaola, Ane Pikaza, Ione Irazabal, Nagore González, Olatz Ganboa, Aitor Borobia, Kepa Errasti eta Loli Astoreka izango dira tranpaldoan asteburu honetan. Ostiralean 19:30eta, eta larunbat zein igandean 19:00etan izango dira saioak euskaraz. Gazteleraz ikusi nahi duenak azaroaren 2tik 5eko saioetan izango du aukera.