BAZTER FEST #9: Lekuko eta nazioarteko emakumezkoen rap doinuak tranpaldo gainean.

uriola.eus 2023ko urr. 18a, 14:10

Argazkia: Kulturklik

Arianna Puello artista mexikarrak, Naturaleza Suprema talde kolonbiarrak eta Espinelis: Herbass & Marta bikote euskaldunak hartuko dute parte.

BAZTER FESTen 9. edizio honetan, jaialdiaren hariari jarraituz, ibilbide luzea duten artista ezagunak izango dira eszenatokian, rap munduan hasi berri diren emakume gazteekin batera. Aurten Arianna Puello mexikarra izango da jaialdiaren gonbidatu berezia, egungo nazioarteko rap munduan emakume entzutetsuenetakoa. Penintsulan zehar azaroan egingo duen biran Euskal Herrian egingo duen geldialdi bakarra izango da hau. Jaialdian izango den bigaren nazioarteko artista Naturaleza Suprema talde kolonbiarra izango da, Lucia Vargas eta Karen Tovarren proposamen apurtzaileak feminismoa eta landa inguruko identitatearen aldeko mezua zabaltzen du musikan, egungo musika urbanoaren cliché-ak baztertuz.

Bertako raparen ordezkariak aurten Herbass & M Arta izango dira, haien Espinelis proiektua aurkezten. Bi artistek bakarkako ibilbide luzea egin ostean indarrak batzea erabaki dute euskeraz eta gazteleraz aurkeztutako kantuz osatutako Ave Fénix deituriko LPan.

Edizio berezia


Aurtengo nobedadetako bat La Basu ibilbide luzeko rap artista entzutetsuaren agerpena izango da, aurkezle lanetan; Eszenatokietan emakumeen presentzia aldarrikatu eta protagonismoa ematea helburu duen jaialdi honetarako erreferente ezin hobea. Emakumeen presentziari arreta jartzeaz gain, Ibaiondo barrutiaren kultur ekimenak ezagutaraztea da ekitaldiaren helburua, eta gainera, aurten hip hoparen sorreraren 50. urteurrena ere ospatuko du Bazter Festek; 1973ko abuztuaren 11n Dj Kool Herc-ek New Yorkeko Bronxen, 1520ko Sedwick Avenuean antolatutako festa baita genero honen hasiera markatu zuen mugarria.Jaialdia azaroak 4an ospatuko da Bilborock aretoan eta sarrerak salgai daude jada kulturabarrutik.eus webgunean 8€-ren truke. Ekitaldiaren egun berean 10€-koa izango da sarreraren prezioa.