Elkarrizketa

Lutxo Egia, BIRAko kidea: “Gauza interesgarriak gertatzeko espazioak behar dira, euskaldunok euskaraz bizitzeaz gain, gozatu ahal izateko”

uriola.eus 2023ko aza. 29a, 12:49

BIRA Kulturguneak zazpi urte bete berri ditu. Alde Zaharreko Erronda kaleko 2. zenbakian kokatuta, kultur-jarduera anitz ugari antolatzen ditu astero, Bilboko euskararen eta euskal kulturaren arnasgune garrantzitsuenetako bat bihurtzeraino. BIRAren proiektuaz gehiago jakiteko BIRAko kide den Lutxo Egiarekin izan gara. 

- 7 urte bete dituzue azaroan. Atzera begira, nola sortu zen BIRA proiektua?

Bira 2016ko azaro hasieran sortu zen. Lagun batzuen ekimena izan zen, Bilbon kulturari eta euskarari espazio bat emateko. Altxaporrue Konpartsa izan zen ekimenaren sustatzailea eta, pixkanaka-pixkanaka, proiektua gizentzen eta sendotzen joan gara. Hala, kultura proiektu eder bat sortu dugu, nire ustez.

"Lagun batzuen ekimena izan zen, Bilbon kulturari eta euskarari espazio bat emateko"

- Zer eman du 7 urteko ibilbide luze horrek?

Ibilbidea luzea edo laburra izan daiteke, nondik begiratzen den araberako kontua da. Baina apurka dena finkatzen joan gara. Hasiera batean, dena nahia, sortzeko eta jarduteko grina zen. Esan bezala, 7 urteko ibilbideak proiektua sendotzeko aukera eman digu eta identifikatu ahal izan dugu non eragin eta jardun nahi dugun, kulturako zein esparrutan… funtsean, proiektua bera zer den. Garbi daukagu hau ez dela sala bat edota kontzertu areto bat, hemen kulturaren adierazpen guztiak sartzen dira. Baina, batez ere, plaza baten modura deskribatuko nuke, gehienbat euskaraz sortzen duenari eskaintzen dioguna. Alegia, euskaraz sortzen baduzu, aukerak izango dituzu hemen erakusteko, sortzeko… Finean, plaza bat euskarari eta euskarazko kulturari, gehienbat.

"Garbi daukagu hau ez dela sala bat edota kontzertu areto bat, hemen kulturaren adierazpen guztiak sartzen dira"

- Astero ekintza kultural anitzak eta askotarikoak antolatzen dituzue. Zein da zuen irizpidea hori aurrera eramateko?

Lehenik eta behin, euskarazkoa izatea, hori da gure lehentasuna. Dena den, beste hizkuntza batzuetan dihardutenek ere tartea dute hemen. Adibidez, guk hemen ia egunero egiten ditugu gauzak eta saiatzen gara euskaraz ez direnak hilean bi baino gehiago ez izatea. Hori da egin nahi genuena eta egin nahi duguna. Erdaraz baldin badira, kanpokoak izatea saiatzen gara. Alegia, euskal artistak euskaraz aritzea. Alde horretatik, emakumeak edo diskurtso feminista duten artistei berebiziko garrantzia ematen saiatzen gara. Baina esan bezala, euskara izango litzateke gure irizpide nagusia, nolabait esanda.

"Euskara izango litzateke gure irizpide nagusia"

- Antolatzen dituzuen ekintza horiek ere aniztasunaren seinale dira. Nola lortu duzue parte hartzaile anitzak BIRAra animatzea?

Galdera ona da hori. Hemen badago kulturan jarduteko, plaza eskaintzeko gogo bat. Proposamen bat egiten digutenean, nahiz eta azkenean hartu ez, erantzun egiten dugu. Nolabait esateko dena zaintzen saiatzen gara: espazioko baldintzak, tabernak aktuazio bati kalterik ez egitea… Ekonomikoki ere, gure txikian, saiatzen gara beti duin jokatzen. Horretarako, normalean, hemen “takilla-truke” egiten dugu, baita dieta bat eman ere… Horretaz aparte, ez dugu espazioa edota soinu-teknikaria erabiltzeagatik kobratzen. Beraz, zerbait egiten dugunean, dirua jartzen dugu, takillaz gain. Hain zuzen ere, horiek guztiak ere baldintza duinak dira. Nik uste sortzaile askok baldintza horiek guztiak eskertzen dituztela. Beharbada espazioaren baldintzak ez dira onenak, izan ere, hemen kontzertu elektrikorik ezin delako egin, eszenatoki txikia da antzerkia egiteko…baina, gu saiatzen gara jendea ondo hartzen.

- Nolakoa da BIRAren sostengua lan eta baliabide aldetik? Bazkiderik duzue?

Bai. Esan bezala, proiektua Altxaporrue Konpartsatik sortu zen. Hala, hasieran 150 pertsona inguru elkartu ziren espazioa martxan jartzeko. Horretarako, dirua jarri zuten eta hala egiten segitzen dute. Horiez gain, 114 BIRAKIDE ditugu, dirua jartzen dutenak, hemen kultura egiteko; norberak nahi duena jartzen du urtean. Alde horretatik, herri proiektu bat da, 250 lagun ditugu dirua jartzen ari direnak, hemen kultura egin ahal izateko. Bestalde, pandemia aurretik dirulaguntzak ere baditugu, guk nahiko genituzkeenak ez diren arren. Edozelan ere, horrek erakusten du, gure txikian, legitimitate bat ere irabazi dugula. Alegia, sortu dugun proiektuak euskarari, kulturari zein hiriari berari espazio bat ematen dio. Eragin hori bereziki garrantzitsua izan da Alde Zaharrean, non oso kultura espazio gutxi dauden.

"Sortu dugun proiektuak euskarari, kulturari zein hiriari berari espazio bat ematen dio"

- BIRAk Bilbon euskal kulturarentzat eta euskararentzat duen garrantzia kontuan hartuta, zein da Euskararentzako espazioen egoera Bilbon?

Tamalez, ez dugu espazio askorik. Oso toki gutxi daude kultura euskaraz modu errazean programatzeko, esku bateko hatzamarrekin konta ditzakegu. Egoera hori den heinean, ikusi beharko litzateke zergatik den horrelakoa. Baina, hiri honetan ez da inoiz egon hiri-estrategia bat kulturarako. Horren harira, garrantzitsua da esatea kultura diodanean euskal kulturaz ari naizela. Beharbada, beste hiri-estrategia batzuk egon dira kulturari dagokionez, baina euskal kulturari dagokionez ez dago ezer. Horregatik guztiagatik, nire iritziz, egoera tamalgarria da. Espazioak oso inportanteak dira, bertan gauzak gertatzen direlako. Joan den egunean Jon Sarasuari entzun nion, “Zure inguruan, zure hirian, zer gertatzen ari da euskaraz? Hori garrantzitsua da. Gertatzen ari dena interesantea da?”.

Alegia, gauza interesgarriak gertatzeko espazioak behar dira, euskaldunok euskaraz bizitzeaz gain, gozatu ahal izateko.

- Nolakoa da beste eragile batzuekin elkarlana edo elkartasuna?

Hasieratik ikusi genuen gurea elkarlana lehenetsiko zuen proiektu bat izango zela. Aurten sei espazio izango gara Antzerki Jardunaldiak antolatuko ditugunak: La Sinsorga, Kalderapeko, Euskaltzaindia (bertan antolatzen da 4tan hiru antzerki jaialdia), Café Bar Bilbao eta Zazpi Katu Gaztetxea. Bertso Errondarekin, adibidez, Zazpi Kaleetako zenbait taberna gara parte hartzen dugunak. Loraldiarekin eta Pikara Magazine-ekin ere harremana daukagu. Señora Bertso Eskola ere azken honekin izandako elkarlanaren ondorioz sortu zen. Horietaz gain, Agora Filosofia Elkartearekin hilabetero Kafe Filosofikoa egiten dugu eta arrakasta handiko zerbait da.

"Hasieratik ikusi genuen gurea elkarlana lehenetsiko zuen proiektu bat izango zela"

Era berean, Zenbat Gararekin iaz jardunaldi batzuk antolatu genituen “Orain kontakizun” izenekoak, eta hurrengo urtean beste edizio bat antolatuko dugu ”Oraina kontakizun. Erresistentziak” deituko direnak. Guretzat oso garrantzitsua izan da Zenbat Gararekin, Kafe Antzokiarekin elkarlan bat abiatzea. Azkenean, sinergia horiekin denok irabazten dugu, sare bat osatzen ari zarelako eta espazio sinbolikoak sortzen dituzulako. 

- Gaurdaino, une gozoez gain, une txarrak edota gogorrak bizitzea tokatu zaizue: Bibatik BIRArako trantsizioa, Covid garaia… Zein da BIRA bezalako ekimena aurrera eramateko gakoa?

Momentu txarrak izan ditugu eta ditugu. Normalki, momentu txarrak beti ekonomiatik etortzen dira. Guretzat ez da erraza proiektuak dituen ezaugarriekin, eskaintzen dugun programazioarekin mantentzea. Sufritzen dugu.

Bestalde, hau herri proiektu bat da. Ez da enpresa bat, ez da zeharo profesionala den proiektu bat. Batzuetan herri proiektuen egoera bera gorabeheratsua izaten da, jendeak bere gogotik eta bere denbora libretik diharduelako. Hala ere, esango nuke, nahiz eta bidean oztopoak topatu, proiektua badabilela.

- Etorkizunera begira, BIRA euskal kulturaren eta euskararen arnasgune bat dela kontuan hartuta, nolakoa da, zure iritziz, Bilbon gisa horretako espazioen biharra?

Handia. Nik uste euskaldunok, etengabe, perspektiba ariketa egin behar dugula. Alegia, imaginatu nolakoa izango den Bilbo hemendik 5, 10, 15 urte barru; beti ere, iragan hurbila kontuan hartuta.

Behin hori esanda, nire iritziz, hiri honetan zerbait beharrezkoa baldin bada, horiek espazioak dira. Espazioak normatiboak dira. Adibidez, duela gutxi zabaldu da  La Sinsorga kulturgune feminista. Bertan, bat-batean, magma bat sortu da, deus ez zegoen tokitik; kulturaren, feminismoaren eta emakumeen arteko sinergiak sortu dira. Era berean, BIRAren kasuan antzera gertatzen da. Espazio txikia da, ez da munduko espaziorik onena, hori bistan da. Nolabait esateko, kutxa huts bat dugu kulturarekin egunero betetzen dena.

Hala ere, baditu adierazle batzuk. Jendea hona hitzaldi, solasaldi edota kontzertu batera etortzen denean, hori barneratzen dugu. Hona etortzen den jendeak euskaraz egingo du barran, bere espazioa identifikatzen du, nolabait; gaztetxe baten gazteak sartuko diren moduan. Hau da, beti daude modu inkontzientean bidaltzen dituzun mezuak.

Beraz, nik uste BIRA bezalako espazioak oso inportanteak direla. Euskarak espazioak behar ditu. Gauzak espazioetan gertatzen dira eta hori da, beharbada, gure hizkuntzak hiri honetan duen arazo nagusia; alegia, espazio gutxi daude non gustora eta seguru sentituko zaren euskaraz bizitzeko.

"Euskarak espazioak behar ditu. Gauzak espazioetan gertatzen dira eta hori da, beharbada, gure hizkuntzak hiri honetan duen arazo nagusia"