7 Katu Gaztetxea Bilboko ekitaldi kultural eta jai girorako toki aproposa da aspaldidanik. Bada, bere ibilbide luzeko 17. urtea ospatzeko proposamen berezia prestatu dute urtarrilaren 22tik 28ra bitarte.
Gauzak horrela, urtarrilaren 22an (astelehena), “Herria lo? Gazteok lo?” gazte aktibazioarekin zerikusia duen hitzaldiarekin emango diote egitarauari hasiera, Iago Lekue, Txakal eta 7 Katuko asanbladaren eskutik. Hurrengo egunean, asteartean, Hiritik at Kooperatibak “Bizimoduak birpentsatuz eredu berriak eraikiz” izeneko hitzaldia eskainiko du. Asteazkenean, urtarrilaren 24an, ordea, Euskalgintzaren Kontseiluko eta Bilboko Euskalgintzako kideek “Plazarik gabe nola irtengo gara euskaraz?” mahai ingurua osatuko dute. Ostegunean, aldiz, “Identitarteak” antzezlanarekin antzerkiari tartea eskainiko diote lehendabizi, eta DJ Amatakik emango dio eguneko egitarauari amaiera. Astean zeharreko ekitaldiekin bukatzeko, ostiralean, ginkana antolatuko dute Gaztetxetik bertatik abiatuta eta Sukena, Suaia eta DJ Xirimiriren kontzertuekin bukatuko dute.
Asteburuari dagokionez, larunbatean, urtarrilaren 27an, goizetik ordu txikitara arte luzatuko dira ekintzak: lehenik eta behin, magia tailerra eta ikuskizuna, MaGorkaren eskutik; bigarrenik, buffle poteoa egingo dute Gaztetxetik hasita; hirugarrenik, Palestinaren aldeko elkartasun argazkia ateratzeko baliatuko duten bazkari herrikoia (bazkaloste musikatuak jarraituko diona), eta, azkenik, Kinkila eta Akaleiaren kontzertuak. Bukatzeko, igandean, 17:30etan Miren Amurizak, Onintza Enbeitak, Ohiana Bartrak eta Enare Muniategik bertso saioa eskainiko dute gaztetxean bertan eta 19:30etatik aurrera Jam Sessiona antolatuko dute aste bereziari amaiera emateko.