Aurreko astean iragartzen genuen bezala, aurtengoa izango da Bertso Errondaren azkeneko edizioa, bertsolari gazteei modu informalean plaza bat eskaintzeko ekimena, alegia. Bada, joan den asteazkenean, otsailaren 7an jokatu zen lehen saioa Errondabide Tabernan. Martxoaren 7an 7 Katu Gaztetxean ospatuko den finalaren aurretik bi saio soilik izango direnez, badakizkigu jada finalera sailkatu diren lehen lau bertsolariak: Maite Sarasola, Kerman Diaz, Aissa Intxausti eta Asier Alcedo. Horiekin batera, beste bi bertsolari izan ziren kantuan:Janire Arrizabalaga eta Haizea Telleria.
Beste edizioetan egin den bezala, partaideetako bakoitzak agur batekin hasi zuen saioa. Ondoren egin zituzten ariketen artean, besteak beste, taldean zein binaka jardun ziren sei bertsolariak. Saioa 19:30etan hasi eta 21:00ak aldera bukatu zen. Hasi eta buka, giro aparta bizi izan zen Errondabide Tabernan.
Uriolak saio osoa grabatu zuen eta hurrengo astean zehar igoko dugu saioaren laburpena. Horretaz gain, hurrengo saioaren eta finalaren jarraipena egingo dugu, otsailaren 21ean Bira Kulturgunean eta martxoaren 7an 7 Katu Gaztetxean egingo direnak, hurrenez hurren.