Argi izpi bat agertu da azkenean Bilboko Mugimendu Feministak pairatu duen etengabeko borrokaren amaieran. 2022ko otsailean Alde Zaharreko Ormaetxe tabernako tabernaria emakume bat drogatu eta bortxatzeagatik salatu zuten. Gertaeraren berri eman zutenean, Mugimendu Feministako hogei kide identifikatu, eta zenbait lagun ustezko delitu batengatik salatu zituztela plazaratu du plataformak, gainera bi kideri 2.500 euroko isunak egotzi zizkien Bilboko Udaltzaingoak.
Prozesu luzea pairatu dute Mugimendu Feministako kideek neurriz-kanpoko zigor honi aurre egiteko. Bortxaketa baten salaketa egitetik, epaitetxean haien burua defendatzera, haien hitzetan “poliziak duen inpunitate eta botere guztiaz baliatu ziren beste behin ere, mugimendu feminista eta herri erantzuna eraso eta zigortzeko”. Kolektiboarekiko elkartasuna eta Bilbo zein bestelako herrietako auzo lana funtsezkoa izan dela azaldu dute Mugimendu Feministako kideek, “Eraso guztien gainetik, zaintza nagusitu da. Elkar babesten jakin dugu. Eta ez soilik bortxatzaileengandik. Baita beraiek babesten dituzten poliziengandik ere”.
Oinarri gabeko zigorra
Bi urteko tirabira juridikoaren amaiera, Mugimendu Feministaren kideen aldeko sententzia judizialak ekarri du. Honen esanetan, Bilboko Udaltzainek gezurrak asmatu zituzten kolektiboko bi kideri isunak jartzeko, eta, ondorioz, bi lagunen zigorrak bertan behera gelditu dira. Prozesua amaitu da, baina bi urte hauetan laguntza gisa lortu duten diruarekin Bilboko mugimendu Feministaren erresistentzia kutxa sortuko dutela azaldu dute, “argi dugulako. Erasoen aurrean, zaintza eta borroka!”