Bilbotarrak edonon jaioak izan daitezkeela errepikatzen da maiz, umoretik esanda sarritan; Maria Larrea idazleak ordea, bere iraganeko zauriak sendatzeko ariketa bati hasiera emateko puntutzat hartu du esaldi ezaguna. Bilbon jaioa da idazlea, 1979an, eta Frantziara lekualdatu zen oraindik haurra zela. 27 urterekin tarotista batek iradoki zion haren gurasoek haren jaiotzaren inguruko sekretu bat zutela, eta, haren iraganaren hautsak harrotzen hastean, bere gurasoek ilegalki adoptatu zutela jakin zuen.
“Inoren alaba” zela esan zioten gurasoek, hirurak lotzen zituen ordea inoren seme-alaba izateak; Mariaren ama Galiziako komentu batean abandonatu zen haren amak, eta aitak ama prostituta zuen, zeinak komentu batean utzi zuen baita ere. Bi istorio hauek ditu aurrekari Maria Larrea beraren bizitzak, eta istorio hauetatik tira eginez sortu du “Los de Bilbao nacen donde quieren” liburua; frankismoaren azken urteen bueltan oraindik normalizatua zegoen haurren adopzio ilegalean sakontzen, idazleak 14 urteko ikerketa lana egin zuen bere guraso biologikoak aurkitzeko, eta ADN proba bat ere lortuta gainera. Nobela ikerketa aurrera zeraman einean idatzi du, baina ez dio amaiera erraza eman nahi izan, spoiler handiegirik egin gabe, Larrearen hitzetan, “nobelak ez zuen gehiagoren beharrik, nire adopziozko gurasoei maitasun deklarazio bat egin nahi nielako. Nire ama nire ama da, eta hori da niretzat konklusioa”.
Ostiral honetan, hilak 31, 19:00etan aurkeztuko du liburua Maria Larreak Bidebarrieta kulturgunean, Bilboko Liburu Azokaren 54. Edizioa dela eta antolatzen diren topaketen barruan, Idoia Jauregi kazetariarekin batera.