“Euskarara hurbiltzea hautu kontzientea izan zen euskalduna izatea erabaki genuenontzat” dio bihar Euskalgintzaren egoitzan ospatuko den Udako Euskal Unibertsitatearen ikastaroaren aurkezpenean. Euskararen ikaskuntza intersekzionalitatetik landuko du ikastaroak, haien ezaugarriengatik euskalduntzea zail dutenen egoera mahai gainean jarrita; kartzelatutakoak, gorrak, itsuak, migratuak, eskolagabetuak, zaharrak, genero disidentedunak, eskualde ez oso euskaldunetan bizi direnak… Zerrenda luzea da, ikastaroan parte hartuko duten hizlariena bezain luzea akaso, egun osoan zehar egingo dira hitzaldiak, 08:45etatik 17:30ak arte.
Euskara eta hizkuntza-diskriminazioa gainerako zapalkuntza-motekin nola lotzen den aztertzea du xedea ikastaroak, baita euskaltegietara joan ezin diren horien errealitatea ezagutu eta kolektibo hauek euskalduntzeko hartu beharreko pausoak zehaztea ere, talde horien bizipenei aitortza emanda. Ikastaroan matrikula ueu.eus web atarian egin daiteke eta 10€-ko prezioa du.