CNT sindikatuak elkarretaratzera dei egin du larunbat honetan, 2016an Xixongo “La Suiza” gozotegian egindako ekintza sindikal baten ondorioz sei kidek jasoko duten hiru urte eta erdiko kartzela zigorra salatzeko. Xixongo gozotegian lan egiten zuen emakume batek CNT sindikatuaren bulegora bisita egin zuen 2016eko ekainean, “La Suizan” pairatzen zituen lan-baldintzak salatzeko. Emakumeak haren haurdunaldia arriskuan jartzen zuten betebeharrak egozten zizkiotela azaldu zuen, baita ustezko sexu-eraso baten biktima izan zela ere.
CNTren talde sindikala enpresaburuarekin kontaktuan jarri zen langilearen lanuztea negoziatzeko, baina enpresak muzin egin zion inolako bilerarik egiteari. Sindikatuak ekinztari jo zion eta ”La Suiza” gozotegiaren aurkako presioek saltokiaren itxiera ekarri zuen. Gertaera honen harira, sindikalistei 125.428 euroko indemnizazio bat eta 3 urteko zigorra ezarri zizkien Auzitegi Gorenak, hertsapen larrien delitu jarraitua eta justizia-administrazioaren aurkako delituak egotzita.
CNT sindikatuak helegitea jarri zion Auzitegi Gorenaren zigorrari, sindikalismoa delitua ez dela aldarrikatuta, baina Auzitegiak muzin egin dio sindikatuaren eskaerari. Bizkaiko CNT sindikatutik, Asturiasko sindikalistei batasuna helarazi eta jaso duten zigorra gaitzesteko, elkarretaratzera dei egin dute larunbatean “Sindikalismoa (eta antifaxismoa) ez da delitua!” lelopean. Larunbatean izango da ekintza, 12:00etan, Arriaga Antzokiaren aurreko plazan.