Bilboko itsasadarrean nonoiz izan da izurdeen bisitarik, nahiz eta kostatik gertuxeago ohikoagoa den haiek ikustea, Portugalete eta Gorliz inguruan, esateko. Gaurkoan ordea, hiriaren bihotzean, San Anton eta Zubizuri zubien inguruetan izurde batekin topo egin du piraguan arraunean ari zen lagun talde batek, Bilbobentura kirol turismo enpresak eskaintzen duen ekintza batean zeudela. Zirrararen zirraraz izurdearen irudirik lortzea zail egin bazaie ere, bideo labur bat partekatu dute sare sozialetan.