Alde Zaharreko hainbat auzokide bildu ziren agerraldia egiteko eta Korrikaren testuinguruan antolatutako ekimenari buruzko salaketa aurkezteko. Pasa den martxoaren 20an, hainbat eragile batu ziren Alde Zaharreko Korrika batzordearen bidez auzoa apaintzeko asmoz. “Harro Herri” lelopean, Santiago Plazan, musika euskalduna entzunez, pankartak eta banderak prestatu zituzten 23.KORRIKA zela eta.
Hala ere, abuztuan, Udalak jakinarazpen bat bidali zion Zaharrean Berri Jai Batzordeari eta ekimen hori baimenik gabe egitea arau-hauste larria izan zela iritzita, isunarekin zigortu zuten.
Korrika Batzordeak isuna «onartezina» dela adierazi du eta salatu du Udalak ez duela baimenik eskatzen masa-turismo edo makroekimen handietarako, hauek bultzatu egiten baitira. Auzokideek, beraz, espazio publikoaren erabilpen herrikoia defendatu dute, eta Bilboko Alde Zaharreko eragileek kaleak berreskuratzeko lanean jarraituko dutela azpimarratu dute.
Horrez gain, abenduaren 1erako Zaharrean berri krosa antolatu dute, eta xehetasun gehiago emango dituzte laster.