Elkarretaratzea deitu dute azaroaren 6rako 2019ko VOXen ekitaldiaren aurka protesta egin zuten 9 manifestarien epaiketa salatzeko

uriola.eus 2024ko aza. 5a, 12:21

Gertakari hartatik bost urte igaro dira eta hori dela eta, bihar, azaroaren 6an, elkartasun ekitaldia egingo dute Atxuri auzoko hainbat elkartek, gertakarien leku berean, Atxuriko plazan. Auziperatuekiko Elkartasun ekitaldia izango da, baita faxismoaren aurka ari diren elkarte guztiena ere.

2019ko azaroaren 5ean, orain dela bost urte, Espainiar Estatuko Kongresu eta Senaturako hauteskundeen testuinguruan, VOX alderdiak ekitaldia egin zuen Atxuri auzoan. Beraien presentziari aurre eginez, hainbat auzokide hurbildu ziren haien haserrea erakustera. Ertzaina berehala agertu zen, VOXen presentziaren aurka protesta egiten ari ziren auzokideen aurkako jarrera bortitza erakutsiz. Ertzainak hainbat pertsona identifikatu, kolpatu eta mehatxatu zituen, horietako batzuk atxilotuz.

Egun, auziperatuta daude identifikatuak izan ziren bederatzi pertsona. Leporatzen zaizkien delituak honakoak: Hauteskunde ekintza oztopatzea, aginteari erresistentzia, mehatxuak, gorroto delitua eta aginteari erasoa. Fiskaltzak 7 eta 14 hilabete arteko espetxe zigorra eskatzen duen bitartean VOX akusazio partikular bezala aurkeztu da, 4 eta 8 urte arteko eskaerak jarriz mahai gainean.

Epaiketa eguna azaroaren 18an hasi eta 20an bukatuko da, hiru egunez luzatuz. Horri erantzuna emateko auzoan Atxuriko epaituen aldeko plataforma sortu dute, auzipetuei babesa adierazteko eta faxismoaren aurkako jarduerak bultzatzeko. Plataformatik adierazi du “Muntai polizial baten aurrean” daudela: “auzokideon eskubideak defendatzea eta faxismoari aurre egitea ezin da inolaz ere delitu izan.”

Horregatik absoluzioa eskatzen dute auziperatutako 9 bilbotarrentzat. Eta Bilboko Atxuriko auzoan prestatu dute elkartasun ekitaldia azaroaren 6an, 19:00etan.