Emakume bat erail du bere bikote ohiak Pasaian

uriola.eus 2024ko abe. 2a, 14:51

Abendua gris hasi da, izan ere, atzo arratsaldean, bikotekide ohiak 45 urteko emakumea* erail zuen Pasai Antxon. Hori dela eta, gaur arratsaldeko 19:30ean, kontzentrazioa deitu du Arriaga Plazan Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak.

2024an indarkeria matxistak Euskal Herrian uzten duen seigarren erailketa matxista da oraingoa. Euskal Herriko Mugimendu Feministak urteak daramatza salatzen indarkeria matxista egungo sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta koloniala sostengatzen duen egiturazko arazo politiko eta sozial larria dela.

Astebete besterik ez da igaro azaroaren 25ean Mugimendu Feministak kaleak hartu zituenetik, baina berriro gertatu da. “Nahikoa dela aldarrikatu arren, erailtzen jarraitzen gaituzte, emakume izanagatik erailtzen gaituzte”, azpimarratu du mugimenduak, eta inor ez dela ari beharrezko ardurarik hartzen.

Emakumea Leonor du izena eta, adierazi dutenez, bere bikote ohiak indarkeria matxistaren espedientea zabalik izan zuen urte batzuetan. Horren ondoren gizon horrek berak erail du Leonor. Euskal Herriko Mugimendu Feministatik babes eta elkartasun osoa adierazi die Leonorren senide, lagun eta gertukoei.

Indarkeria matxistaren azken ondorio lazgarrienak eta ikusgarrienak erailketak badira ere, indarkeria matxista sistema oso batek babesten du eta bizitzako alor guztietan eragiten du. Horren aurrean, neurriak ipini eta arazo larri honi dagokion tamainako dimentsio politiko eta soziala eman beharrean, egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte, emakumeen aurkako erasoak betikotzen direla salatu du Mugimendu Feministak, eta indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatu dute.

Honekin batera, autodefentsa feministarako deia egiten dute. Erantzuteko prest daude eta antolatzen jarraituko dute eraso guztiak salatuz: “lotsa eta beldurra bandoz aldatzen hasi dira, eta martxan jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte!”.