Muralizazio artistikoko proiektua bukatu dute Iturribide kalean

uriola.eus 2025ko urt. 22a, 10:17

Udalak 3.100 metro koadrotan esku-hartze artistikoa burutu du, Iturribide eta Aurrekoetxea kaleen arteko bidegurutzetik Zazpi Kaleetaraino. Bederatzi artistek lonja eta establezimendu ezberdinetako 60 pertsiana apaindu dituzte.

Iturribide kalearen inguruko lokal komertzialen eta lonja hutsen pertsianen esku-hartze artistikoa bukatu du Bilboko Udalak. Guztira 60 pertsiana dekoratu dituzte. Pertsianetako irudien gaien artean, paisajismoa, euskal kostunbrismoa, pop artea, rock artea, erretratuak, bodegoiak, natura... daude, hau da, irudi figuratiboak zein abstraktuak.

Esku-hartze honetan bederatzi artista eta/edo tailerren parte-hartzaileek hartu dute parte. Hauek aritu dira irudiak margotzen: Luis Olaso Garralda, Eva Mena, Bea Aparicio eta Char Lee Mito, Jose Ignacio González Ormaetxea, Verónica Weckmeister, Murales Bilbao, Kolore Taller de Arte, Amiarte eta Ya Murals.

Artista bilbotarrak dira denak, eta eskarmentua eta prestakuntza espezifikoa dituzte muralismoan eta arte publikoan. Marrazki hauek egin aurretik, zirriborroak aurkeztu behar izan zituzten, esleitu zitzaizkien pertsianen neurri eta ezaugarrietara egokituta. Udalak berak eta Bilbao Arte Fundazioak onartu behar zituzten zirriborroak.

 

Estetika modernoa helburu

Iturribideko hiri-hobekuntzarako obrak 2023ko irailetik 2024ko maiatzera bitartean egin ziren. Lanon helburua izan da kaleari estetika modernoagoa eta atseginagoa ematea, hiri-altzari berriekin.

Besteak beste, galtzadaren zabalera 3,50 metrora murriztu da, eta galtzadaren bi aldeetako aparkalekuak kenduz. Ondorioz, espaloiak handitu egin dira, aparkaleku zaharren espazioa bereganatuz.  Argiztapena ere hobetu egin da.