Maiatzaren 21etik 25era Bilboko Zazpi Kaleak berriz jaiaz eta alaitasunaz jantzi ditugu. Baita kolorez ere. “AUZOA GARA” lelopean, asteazkenetik igandera kamisetak jantzi eta kalera atera ginen garena ospatzeko gogoarekin: antolaturik dauden auzokideak, aldarri eta borrokaz kaleak blaitzen dituztenak, eta, batez ere, oztopoa edozein izanik ere amore ematen ez dutenak.
Eragozpen guztien gainetik auzoa eskuetan heltzen dutenak!
Urtero kaleetan elkar topatzeko orduan, eguraldia baino ez da izaten gure ikara bakarra. Baina aurten ere gure auzoak eguzkia merezi duela erakutsi digu zeruak. Hala ere, benetako beroa denon artean sortu genuen girotik etorri da. Arazoak arazo eta zailtasunak zailtasun, ditugun espazioak gureganatzea lortu dugu berriro; Santiago, Plaza Berria, Auzokideon Txokoa eta gure kale guztiak musikaz, jolasez, kalejiraz, poteoz, dantzaz eta irribarrez bete ditugu.
Eskerrik asko lau egun hauek posible egin dituzuen auzokide koadrila, speaker, antzezle, komertziante, malabarista, eragile eta ostalari guztiei. Zuek gabe hau ez litzateke posible izango!
ZAHARREAN BERRI jai batzordetik aurrera jarraituko dugu, eguraldiaren iragarpena edozein izanda ere. Kaleetan elkarrekin topatuko gara laster, bitartean… HELDU AUZOA ESKUETAN!
AUZOA GARA!
ZAHARREAN BERRI jai batzordea
Bilboko Alde Zaharreko Jai Batzordea