50 urte bete dira gaur Gabriel Aresti Segurola bilbotar idazle eta euskaltzain urgazlea 1975eko ekainaren 5ean hil zenetik, 41 urte zituela. Urtemuga hori kontuan izanda, Euskaltzaindiak XX. mendeko euskal idazle berritzaileenetako bat izan zena omendu nahi izan du eta horretarako hainbat ekitaldia antolatu ditu Bilbon.
Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU), Gabriel Aresti Kultura Elkartearekin eta Bilboko Koralarekin elkarlanean antolatutako egitaraua ekainean hasi eta abendura arte luzatuko da.
Egitasmoak Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, EiTBren eta BBKren babesa jaso du.
Euskararen Akademiaren egoitzan atzo, hilak 4, egindako prentsaurrekoan Andres Urrutiak helburua zein den azpimarratu zuen: “Oro har, Gabriel Aresti bera eta beronen lanak ezagutzera ematea da ekitaldi hauen xede nagusia. Arestiren ekarria balioan jarri nahi dugu, hots, beronen lanak duen meritua aitortu, balioetsi eta ezagutarazi, Arestik euskal literatura modernizatzeko eginiko ahalegina gogoraraziz eta euskararen batasunaren hastapenetan izan zuen eragina eta ikuspegi fin zorrotza nabarmenduz”.
Hala ere, beste helburu bat ere aipatu zuen Urrutiak: “Herri handi eta hiriburuek euskararen biziberritzean duten zeregina azpimarratu nahiko genuke. Euskara eta euskal kultura askotarikoa dela erakutsi nahi dugu eta askotarikoen artean ehuntzen dela bistaratu. Denon euskara nahi dugu, eta denontzat”.
Sei hilabete Aresti omentzen
Hori dena betetzeko, hamar ekimen aurreikusi dira (hitzaldiak, antzerki-saioak, kontzertuak, erakusketak eta liburu-aurkezpenak), ondorengo sei hilabeteotan gauzatuko direnak Bilbon, 2025eko ekainetik abendura artean:
- Ekainaren 6an (Euskaltzaindiaren egoitzan, 19:00etan): Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du. Arestiren garaian hainbat konpositorek sortutako lanak interpretatuko dituzte txistulariek.
- Ekainaren 19an eta 20an (Euskaltzaindiaren egoitzan): «Gabriel Aresti 1975-2025 jardunaldi akademikoa» hitzaldia, Gabriel Aresti katedraren eskutik. Katedrak Gabriel Aresti intelektual eta kulturgilearen irudia eta obra ezagutarazi nahi du, bereziki unibertsitateko ikasleen artean. Gabriel Aresti katedra euskal kulturaren ikerkuntzari, sorkuntza artistikoari eta dibulgazioari lotutako unibertsitate-katedra da.
- Ekainaren 26an (Bizkaia Aretoan, 11:00etan): Gabriel Arestik ereindakoak liburuaren aurkezpena. Gabriel Aresti katedrak ondutakoa da eta Patxi Juaristi (EHU) eta Beatriz Zabalondo (EHU) dira lanaren koordinatzaileak. Literatur genero, komunikatzeko modu, ikertzeko bide eta gogoeta egiteko era desberdinak uztartu dira omenaldi-liburu horretan. Pentsamendua bideratzeko modu desberdinak, helburu bera lortzeko: Arestiren lanaren gaurkotasuna aldarrikatzea.
- Urriaren 6an (Guggenheim Museoaren areto nagusian): Bilboko Koral Elkartearen kontzertua.
- Urriaren 8an: Gabriel Arestiren mandatua liburu-aurkezpena. Arestiren ekarria diziplina anitzetatik aztertua da saiakera-lan horretan.
- Urriaren 14tik abenduaren 31ra arte (Bizkaiko Foru Liburutegian): Gabriel Arestiri buruzko erakusketa monografikoa.
- Urriaren 15ean (EHU Mikel Laboa plazan): Gabriel Arestirekin kanpoko antzerki-saioa. Ikuskizunak bi osagai ditu: Gabriel Aresti Eibarren fikzio-lana, Pedro Alberdik idatzia. Eta antzezlanaren bigarren osagaia, idazle bilbotarraren Profeta bati izeneko Q poema da, Harri eta herri Poesia herriarentzat egina dela aldarrikatu zuen Arestik lan horretan. Herriaren barnean sartu nahi ditu bere hitzak, «mailukadakak» badira ere. Berba horiek bizirik diraute, eta hori gogoraraztera dator Gabriel Arestirekin ikuskizuna.
- Azaroaren 14an (Euskaltzaindiaren egoitzan): Gabrielen ispiluetan barrera solasa. Mahai-inguruan, poeta-talde batek mosaiko bat osatuko du, Arestiren poesiak beren sorkuntzan izan duen loturaz edo eraginaz hitz eginez. Parte-hartzaileak: Leire Vargas, Edorta Jimenez, Harkaitz Cano, Iñigo Astiz, Sonia Gonzalez eta Tere Irastortza. Antzerki-saioa: Mikel Martinez. Musika: Eñaut Elorrieta
- Abenduaren 4an (BBK Aretoan, 19:00etan): Aresti mug(h)arri pieza eszenikoa, Joxan Goikoetxea zuzendariak atonduta.
- Abenduaren 10ean (Arriaga Antzokian): Bilboko Koral Elkartearen kontzertua.