Azkue Literatura sarietan partaidetzak gora egin du

uriola.eus 2025ko eka. 13a, 16:43

Guztira 574 lan aurkeztu dira Resurrección Maria Azkue Literatura sarietara, eta gaur, hilak 13, Euskaltzaidian egindako ekitaldian epaimahaikideek nabarmendu dute gaurkotasunez jositako gaiak jorratu direla.

2024ko Resurrección Maria Azkue Literatura sariak banatu dira gaur, ekainak 13, Euskaltzaindiaren egoitzan. Akademiak eta BBK-k 1991tik antolatzen dituzten sari hauetara, guztira 574 lan aurkeztu dira. Koldo Bilbao BBK Fundazioko Kultura arloko arduradunak aurtengo partaidetzaren igoera aipatu, eta adierazi du BBK-k euskara eta euskal kultura sustatzen jarraituko duela etorkizunean ere.

Sariak emateko ekitaldian, Koldo Bilbaorekin batera, epaimahaikideak eta Miren Agur Meabe Euskaltzaindiaren idazkariak parte hartu dute.  Meabek irabazleak zoriondu ditu. “Sariketa geroko euskal idazleen harrobi emankorra da”, nabarmen du. Horrez gain, eskerrak eman dizkie lanak zuzentzen eta bideratzen ahalegintzen diren irakasleei eta idazleen senideei. 

Sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu nagusi. Bi genero saritzen dira Azkue sarietan: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat);  eta B maila (14 eta 17 urte bitartekoentzat).

Urtero bezala, aurten ere literatura eremuko pertsona adituek osatu dituzte epaimahaiak, Euskaltzaindiak izendatutakoak (A mailan Igone Etxebarria, Jabier Kaltzakorta eta Manu López Gaseni; B mailan Castillo Suárez, Patxi Zubizarreta eta Garbiñe Ubeda). Epaimahaikideek nabarmendu dute gaurkotasunez jositako gaiak jorratu direla, besteak beste, heriotza, feminismoa eta maitasuna, eta «lan helduak eta landuak» aurkeztu direla.

Aurten ere, Oiartzungo Haurtzaro ikastola izan da lanik gehien aurkeztu duen ikastetxea, eta sari berezia jaso du horregatik.

 

A MAILAKO sariak

Izarren koadernoa izeneko narrazioak lortu du lehenengo saria, Trapagarango Jon Maestrek idatzia. “Bere begiez ikusten duen mundutik harago, unibertsoko bazter urrun eta ezkutuak ezagutu nahi dituen neska baten istorioa da. Errealitatea eta fantasia, hemengoa eta urrunekoa, benetakoa eta ezezaguna tarteka dabiltza hara eta hona, bidaiariaren begien aurrean agertu ahala”, argitu dute epaileek. 

Olerkiaren alorrean Aner Elizondo Oiartzundarraren Beldurra saritu dute epaileek: “Beldurrari buruzko gogoeta honetan, hainbat galdera egiten dira: zeren beldur izaten gara, zer eragiten digu beldurrak, erreakzioak... Baina beldurra bera, zeren beldur da? Horren gainean galderak sortzen dira. Testu laburra da, baina zer pentsatu ematen duena.”.

 

B MAILAko sariak:

Narrazioaren alorrean Inork ez du merezi gailendu da, Berako Kattin Madariagarena. Epaileek esan dutenez, “gaztaroa ilusioen eta ametsen aroa da, gauza berriak sentitzeko eta bizitzeko garaia. Bikote baten hasiera gozoa kontatzen digu narrazio honek, eta nola doan, denboraren poderioz, gaiztotzen eta ankertzen”.

Olerkiaren alorrean, berriz, lehen saria Andoaingo Naroa Asensioren Euskarriak lortu du. “Bizitzan aurrera egiteko heldulekuak eskaintzen dizkigu poema sorta honek: itsaso hondoari lotzeko aingurak edo etxea sostengatzeko harroinak. Batzuetan galdu egiten ditugu euskarriak eta, hala ere, aurrera egin behar dugu horiek gabe”, azpimarratu dute epaileek.