Beste bi familia etxegabetu nahi dituzte Alde Zaharrean eta San Frantziskon

uriola.eus 2025ko eka. 19a, 14:38

Datorren ostiralean Alde Zaharreko Bidebarrieta kalean Miguel, Rosario eta hauen familiaren etxebizitza defendatzeko eta berdin, uztailaren 7an, San Frantzisko kalean, Tamara eta bere familiaren etxebizitza defendatzeko dei egin du Azet Etxebizitza Sindikatuak.

Datozen asteetan, Alde Zaharrean eta San Frantzisko auzoetan, beste bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daudelako bildu ziren atzo arratsaldean Martzanan Azet Etxebizitza Sindikatuko kideak eta auzokideak.

“Inolako alternatibarik barik kale gorrian gera daitezke bi familia gehiago”, salatu dute, eta horren aurrean euren egoera salatu, eta adierazi dute ez daudela prest “basakeria hau” normalizatzeko, geroz eta ohikoagoa den honetan. Dei egin dute bi familien etxeak eta bizitzak defendatzera.

Rosario, Miguel, eta hauen seme-alabak, hiru urte baino gehiago daramatza Alokabideren etxe batean bizitzen Alde Zaharreko Bidebarrieta kalean bizi dira, eta datorren ostiralean, ekainak 27, kaleratzen saiatuko dira. “Orain, instituzio publiko bera da inolako alternatibarik eskaini gabe etxetik kanporatu nahi dituena”, nabarmendu du sindikatuak.

San Frantzisko auzoan bizi diren Tamara eta bere familiak ere etxekaleratze data jaso dute, eta aldaketarik egon ezean, uztailaren 7an gauzatuko da, eta familia honi ez diotela inolako alternatibarik eskaini salatu dute. Kasu honetan Bizkaiko Foru Aldundia da, Tutoretza Erakundearen bitartez, etxebizitzaren hustea agindu duena. Eta ez, familia honi ere ez diote inolako alternatibarik eskaini.

Etxekaleratze bakoitzaren atzean miseria, indarkeria eta desjabetza ezkutatzen dela nabarmendu dute: “zoritxarrez, horretara ohitzen ari gara”. Ehunka dira egunero beren etxeetatik kanporatuak diren familiak, etxejabe handiek beren jabetzak berreskuratu ditzaten eta etxebizitza horiekin espekulatzen eta negozioa egiten jarraitu ahal dezaten. Hori dela eta, gogorarazi dute etsaia ez dela etxerik ez duena, horrekin negozioa egiten duena baizik. AZETek argi du zein den barrika honetan euren aldea: “hain zuzen ere, gure auzokideen etxeak eta bizitzak defendatzen dituena; langile klasearen antolakuntza eta autodefentsa bultzatzen dituena; elkar babesa eta klase elkartasuna praktikan jartzen dituena”.

Gaur egun, etxegabetzeak kapitalismoak eragiten duen indarkeria guztiaren adierazpen gordinenetarikoa direla esan dute, eta indarkeria hori are latzagoa bilakatzen dela adin txikikoak tarteko daudenean. Hori da datozen asteetan kaleratuak izan daitezkeen familien kasua. Izan ere, bederatzi dira bi familia hauen baitako adin txikikoak. Bederatzi haur etxerik gabe eta kale gorrian gera daitezkeenak. “Ezin dugu horrelakorik onartu” argi aldarrikatu du sindikatuak.