Euskaltzaindiaren egoitzan estreinatu zen atzo, hilak 23, Euskararen Aholku Batzordea, legealdi berriko lehen osoko bilkura egiteko eta Euskararen Plan Estrategikoaren ildo nagusiak aurkezteko. Andres Urrutia euskaltzainburuak harrera egin zien Imanol Pradales Lehendakariari eta Ibone Bengoetxea, lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari. Bileran, Euskararen Aholku Batzordeko 21 kidek hartu dute parte, tartean, Miriam Urkia euskaltzain osoak.
Lehendakariak batzordekideei ongietorria eman eta euskararen etorkizunari begira, «jauzi kualitatiboa» emateko premia azpimarratu zuen. Gaur egungo gizartea eta orain dela 40 urteko aldatu dela esan zuen, eta horregatik, euskara biziberritzeko ahalegin koordinatua eta planifikatua» eskatu du. Lehendakariak beharrezkotzat jo du normalizazio prozesuan aurrera egiteko paradigma berri bat ezartzea. Bere ustez, gizartearen aktibazioa da gakoa, baina “euskarak ere beharrezkoa du legeria eta segurtasun juridikoa”.
Bere aldetik, Ibone Bengoetxeak Euskararen Plan Estrategikoaren eduki nagusiak aurkeztu zituen. Planak helburu nagusi bi ditu: euskararen ezagutzan eta erabileran jauzi kualitatiboa ematea. Horretarako, 9 ardatz estrategiko identifikatu dira, besteak beste: euskara-gaitasuna, transmisioa, lan mundua, aisialdia, ingurune digitala eta etorkinak. Planak, gainera, baliabide ekonomikoak, gobernantza eredua eta jarraipen-mekanismoak ere aurreikusten ditu.
Bilkura amaitu ostean, Akademiaren Ohorezko Liburuan sinatu zuen Lehendakariak.
Erronka berriei aurre egin
Andres Urrutiak gogorarazi zuen Akademiak eta Euskararen Aholku Batzordeak eginiko bidea onuragarria izan dela. «Orain erronka berriak datozkigu eta horiei aurre egin behar diegu”, aitortu du. Euskaltzainen ustez, egiteko berehalakoa da euskarak biziberritze azkar horren eraginez, biziberritzearekin segitzeko, hizkuntzaren presentzia eta erabilera areagotzeko, orain arteko eremuetan sakondu eta, ahul dagoenetan, ahaleginak bizkortu eta indartzeko.
“Euskal Herri osoa dugu eginkizun, lurralde eta herrialde bakoitzak duen historia, ikuspegia eta errealitatea aintzat hartuta», jakinarazi zuen euskaltzainburuak, eta alderdikeriak baztertu eta adostasunak berritu behar direla gaineratu zuen.