Bira Kulturgunea “ezinbestean txikiagoa” izango dela iragarri dute

uriola.eus 2025ko eka. 24a, 17:01

Liberaturik gabeko egitura izango da, denbora libretik jardun beharko dute. Horrek eragina izango du agendan eta proiektuan baina argi adierazi dute aurrera egingo dutela.

Hurrengo ikasturtean, Bira Kulturguneak aldaketak ekarriko ditu, izan ere, laguntza publikoak murriztu dizkiote. Horrenbestez, aurten ere dirua jaso arren, ezingo izango diote eutsi ohiko agenda kulturalari.

Kulturguneak 285.000€ jaso ditu birakideen partetik sortu zenetik, eta inbertsio horri esker, lokala erosteari ekin eta obra burutu, lehen urteetako programazioa finantzatu, termitak direla-eta komunitateko gastu handiei aurre egin eta azken urteetako programazioan laguntzeko aukera izan dute. Horretaz aparte, administrazioko laguntzekin osatzen dute aurrekontua, baina, aurten murriztu egin da eta horregatik ezin izango dute egitura profesionalari eutsi.

Gauzak horrela, kultura-programazioari dagokionez, ezingo diote ekonomikoki azken urteetako funtzionamenduari (lan profesionala + militantzia) eutsi, eta denbora libretik jardun beharko dute. Eta horrek eragina izango du agendan eta proiektuan.

Bira Kulturgunean 2026an sortu zen herri-proiektua da. Espazioa Alde Zaharreko Erronda klaean dago. Hasieratik kulturari eman diote lehentasuna, taberna haren zerbitzura jartzen. Horrela, irailetik ekainera (303 egunetan) 290 kultura-hitzordu eskaintzen ditu, tartean, atal finkoak dituena: Kafe Filosofikoa, Loraldia Gaztea, Lautan Hiru antzerkia, Oraina Kontakizun, Urdin Elektrikoa, Señora bertso eskola, Bionbo osteko literatur solasaldiak, Transilbania…). Bestetik, plaza ere izan dira, ahal guztian, eskatu dieten askorentzat.

Datorren ikasturtean, beraz, Kulturguneak aldaketak ekarriko ditu, eta “ezinbestean txikiagoa” izango da. Liberaturik gabeko egitura izango da, baina argi adierazi dute aurrera egingo dutela: “Sinisturik gaude gurea bezalako espazioak inportanteak direla euskara, kultura eta hirirako”.