Zabalbide 10 eta Santos Juanes 1, 3 eta 5eko bizilagunek, LABeko etxebizitza asanbladarekin batera, agerraldia egin zuten pasa den hilaren 30ean, Mazabi funts putrearen jarduera salatzeko eta etxebizitzak lehentasunez bizitzeko izan behar dutela aldarrikatzeko. Udalari helburu hori bermatuko duen politika publikoak eskatu zizkioten.
Mazabi funts putreak erositako etxebizitza blokearen aurrean egindako agerraldian, Alde Zaharreko dozenaka bizilagunek auzoan bizitzea gero eta zailagoa dela salatu zuten. “Etxebizitza lehen mailako arazo sozial bilakatu da, eta langileak pobretzeko arrazoi nagusietako bat”, adierazi zuten.
Azaldu zuten prezioak etengabe igotzen ari direla, etxebizitzara sartzea geroz eta zailagoa dela eta auzoak bizitzeko eremu izatetik negozio-eremu izatera pasatzen ari direla. Testuinguru honetan, jakinarazi zuten Mazabi funts putreak haien etxebizitzetako beheko solairuak erosi dituela, negozio egiteko asmoz: “Etxebizitza duinak eskaintzeko izan zitezkeen espazioak bahitu eta coliving, denboraldiko alokairu edo etxe turistiko bihurtu nahi dituzte. Ez gaude ados”.
Agerraldian bi mezu nagusi helarazi zituzten. “Lehena, Mazabiri: atera zuen negozioak gure etxeetatik. Ez zaituztegu nahi eta antolatuta gaude”. Bigarrena, udal gobernuari: politika publikoak aldatzeko eta etxebizitza bizitzeko lehentasunezkoa izan dadin neurriak hartzeko eskatu zioten, horrelako egoerei muga jartzeko. “Negozioa eteteko garaia da”, nabarmendu zuten auzokideek.
Azken aldarri bat ere egin zuten: “Gure egoera berdinean edo antzekoan daudenei antolatzeko deia luzatzen diegu. Negozioa egin nahi dutenei modu kolektiboan egingo diegu aurre. Gu ez gara lehenak, eta gehiago ere etorriko dira”, ohartarazi zuten.