Mugarik Gabe erakundeak Frente a la ola reaccionaria, ARRAUN Feminista! jardunaldiak antolatu ditu genero-arrazoiengatik ematen den indarkeria politikoan sakontzeko. Jardunaldiak gaur eta bihar izango dira, hilak 29 eta 30, La Bolsa eraikinean.
Erakundeak funtsezkoa ikusten du hori aztertzea, aurre egin ahal izateko; nola artikulatzen den, noren aurka zuzentzen den, zerk edo nork legitimatzen duen, zer eragin dituen eta testuinguru desberdinetan nola eraldatzen den ulertzea lagungarria izan daiteke indarkeria horren aurrean antolatzeko. “Beharrezkoa da hausnarketa eta tresna zehatzak izatea indarkeria horren aurkako narratiba eta kontakizun berriak sortzeko eta aktibismo politikoa jasangarri egiteko” adierazi du erakundeak.
Horregatik, jardunaldietan esperientzia propioak, analisiak eta estrategia posibleak partekatuko dituzte Euskal Herriko, Espainiako Estatuko, Mexikoko, Guatemalako eta El Salvadorreko aktibistekin, komunikatzaileekin, giza eskubideen defendatzaileekin eta politikariekin.
Generoagatiko Indarkeria Politikoari buruzko estrategia
Mugarik Gabe erakundea 2010etik ari da indarkeria matxisten aurkako Eraldaketa Sozialerako Hezkuntza estrategia bat garatzen, indarkeria horien izaera estrukturala eta emakumeek eta sexu-genero disidenteek bizi dituzten indarkerien aniztasuna adierazteko. Ibilbide horren barruan, eta egungo olatu erreakzionarioa eta eskuin muturraren gorakada kontuan hartuta, Generoagatiko Indarkeria Politikoari buruzko estrategia bat gauzatzen ari dira.
“Badakigu indarkeria ez dela soilik fisikoa eta ez dela beti fisikoa. Sare sozialetako erasoak, desprestigio-kanpainak, protestaren kriminalizazioa, umiliazio publikoa”, esan du erakundeak. Denak dira indarkeria-mota ezberdinak, helburu batekin: emakumeak eta sexu-genero disidenteak esparru publiko-politikotik aldentzea bilatzen dutenak, eta, horrela, gizartea eraldatzeko duten gaitasuna murrizten dutenak, beren potentzial urratzailetik abiatuta.
Egitaraua
Ahots disidenteak isilarazi. Militarizazio eta kriminalizazio testuingurua bake eta segurtasunaren izenean mahainguruak emango dio hasiera gaur, hilak 29, jardunaldiei, arratsaldeko 18:30ean. Korronte kontserbadoreek eta eskuin muturrak gidatutako "segurtasunaren" diskurtsoa gizartean nola barneratu den aztertuko dute, eta nola egiten duen kriminalizazioaren eta indarraren erabilera justifikatzeko, mugimendu soziala eta, bereziki, mugimendu feministak erreprimitzeko.
Mahainguruan Serlinda Vigara Novact mugimenduko kidea, Laia Serra abokatu feministak eta Mariana Moisa Abortuaren eskubidearen aldeko eta aukeratutako amatasunen mugimenduko kideak parte hartuko dute.
Gorputz eta lurralde guztiak suntsitzen dituen garapena. Natura harraparitzearen testuinguruan, defendatzaileen jazarpena mahainguruarekin hasiko da eguna 12:00etan. Lurra neoextraktibismoaren aurrean defendatzeak ez dakar soilik lurraldea suntsitu nahi duten megaproiektu zehatzen aurkako borroka. Askotan, estrategiak garatzea ere badakar, borroka horrek ekar ditzakeen ondorioen aurrean: kriminalizazioa, gizarte-ehuna haustea, deslegitimazioa, etab. Mahai honetan, hiru testuinguru soziopolitiko desberdinetara hurbiltzeko aukera izango dute, ildo komun batekin: bizitza defendatzen duten emakumeen aurkako indarkeria.
Judith González. Alianza Sierra Madre (ASMAC) mugimenduko kidea, Quimy de León Prensa Comunitariako kidea eta Rebeka Gonzalez de Alaiza Euskal Herria Bizirikeko kidea izango idra mahainguruan.
Arratsaldeko 16:30ean, Generoagatiko indarkeria politikoari aurre egiteko estrategiak hedabide digitaletan tailerra egongo da. Mariana Moisa Abortatzeko eskubidearen eta aukeratutako amatasunen aldeko mugimenduko kideak hedabide digitaletan genero-indarkeria politikoari aurre egiteko estrategiak aztertuko ditu.
Azkenik, jardunaldiei amaiera emateko, “Emakumeak, politika ez da zuen lekua” Eskuin muturraren gorakada. Mugimendu feministaren errepresioa eta eskubideen aurkako diskurtsoak hitzaldia egongo da arratsaldeko 18:00etan. Horretan, eskubideen aurkako diskurtsoen gorakadara hurbildu eta gazterian eta politikagintzan daukan eragina aztertuko dute Greta Frankenfeld. Calala Fondo de Mujeres mugimenduko kideak, Sandra Morán politikari eta militante feministak, eta Klaudia Ugarte aktibista feminista eta transmaribibolloak, Gasteizko Mugimendu Feminista eta Lumagorrikoa.