Basurtuko tanatorioaren irekiera ondo hartu dute Olabeagan

uriola.eus 2014ko api. 3a, 18:25

Olabeaga Bizirik
Amaitu gabeko eraikina izan da Basurtuko tanatorioa. 17 urtez utzita egon den hormigoizko hezurdura. Hainbat pertsonarentzat babesgune izan da, baita hainbat polizia sarekadaren jomuga. Olabeagako auzokideentzat berriz, puntu beltza. Horregatik ontzat jo dute Funetxeak eraikina bukatzeko hartu duen erabakia. Urtebete barru tanatorioa martxan egongo da eta ingurua “egokiagoa” izango da biztanleentzat.

Basurtuko ospitala eta Olabeagako auzoa lotzen dituen aldapa puntu beltza da auzotarrentzat. “Abandonatutako lekua”, Emilio Aldai olabeagatarraren arabera. Aldapa erdigunean 17 urte eman ditu inoiz bukatu gabeko eraikin handi batek. “Mamotretoa”, esaten dio berak. “Jendea bertan bizi izan da Udaltzaingoak irtenarazi duen arte. Azkenean adreiluz itxi zuten eraikina eta zaindari bat jarri zuten”, dio. Izan ere, lekua ez da atsegina, autopistako zubia bateko eta tunel iluna besteko. Horregatik urtebeteren buruan eraikina bukatu eta auzoan “mugimendua egotea primerakoa da” Emilioren iritziz. Olabeagako auzotar gehienak iritzi berekoak dira. Maribi Luqueren arabera gunea konpontzen dutenean, “ez digu bertatik pasatzeak beldurrik emango”. “Betiere gorpuak ez direla erreko ziurtatzen diguten bitartean”, zehazten du Emiliok. Horrela izango dela dirudi, tanatorioan errausketa-laberik ez dutela ezarriko baieztatu du Funetxea enpresak.

Udalak 2011an saldu zionetik, Funetxea taldea da lursailaren jabea. Egunotan eman du jakitera Funetxeak 10.000 metro karratuko tanatorioko lanak bukatzeko eskaintza egin duela, 5.2 miloi euroko aurrekontua eta obra gauzatzeko urtebeteko epemuga duela. Besteak beste, beilarako bederatzi gela eskainiko ditu 2015eko lehen hiruhilekotik aurrera, bezero direnek zein ez direnek erabiltzeko aukera izango duten jatetxea eta 100 plazako aparkalekua.

Olabeaga, geldiro-geldiro

Haserre eman dituzte urteak Olabeagako bizilagunek auzoak dauzkan gabeziengatik. Emilioren esanetan “ez dugu dirua ateratzeko kutxazainik, ez dendarik ia-ia”. Maribi baikorragoa da, eta auzotarren lorpenak nabarmentzen ditu. “San Mameseko obrekin metroa bost minutura dugu orain. Lehen sekulako buelta eman behar genuen”, gogoratzen du. Trenbide eta errepide azpiko Olabeagako tunel ilunak historiara pasako dira laster. Tunelak saihesteko pasabidea atontzen hasita dago Udala. Eta bada beste proiektu bat, epe luzera begira, auzoa Bilbo erdigunearekin lotuko duena. Hortaz, “geldiro-geldiro gauzak lortzen ari gara”.