Media For Future enpresa, EITBk azpikontratatutako konpainia, abenduan itxi eta bertako langile guztiak kalera botako dituzte. Gauzak horrela, M4Fko Komiteak, EITBnet eta EITBko LABeko ordezkariek, EITBko eta M4Fko arduradunekin batera, orduerdiko mobilizazioa burutu dute 12:00etan EITBren egoitzaren aurrean, kaleratzeak eta egun bizi duten egoera salatzeko.
M4F EITBko atariko eduki digitalak kudeatzeaz arduratzen da. Enpresako LABeko lagunek azaldu dutenez, Irrati Telebista Publikoaren webgunea sortu zenetik, atariak ez du egiturazko lanposturik izan horren aldeko etengabeko borroka gauzatu badute ere; eta gaur egun arte, EITBNET S.A.-ko 16 langilek eta azpikontratatutako 50 lanpostuk webguneari zerbitzua eman diote.
2013an, EITBk aurrekontuetan murrizketak egin zituela jakinarazi dute prentsa ohar bidez eta, era berean, M4Fri kontratatutako zerbitzuak murriztu zizkiola. Egoera horren aurrean, urte bereko ekainaren 12an, 31 langileri eragin zien enplegu-erregulazioko espedientea iragarri zuen M4Fk eta Enpresa Batzordeak greba mugagabea deitu zuen ekainaren 23rako. 30 eguneko lanuztea eta gero, akordioa lortu zuten bi aldeek eta langileen borrokak kaleratzerik ez ematea ekarri zuen, soldata murrizketak etengabeak izan baziren ere.
M4Ftik gaitzetsi dutenez, momentu hartan "dena erabakita zegoen. Enpresako azpikontratazioan irregulartasunak zirela bazekien EITBk eta langileen legez kanpoko lagapena salatzeko aukera zegoela ohartu zen. Horrela, M4Fko langileen ia erdiak salaketa aurkeztu zuen".
2014ko urtarrilaren 31an, "M4F eta EITBko zuzendaritzaren eskutik hartzekodunen konkurtsoan sartu zen konpainia" eta horrela, ekainean langileen erdia kaleratzeko asmoa dute lana erregulatzeko espediente baten bidez, eta hori gutxi balitz, 2014ko abenduan lanpostuak, lana erregulatzeko bigarren txosten baten bidez, "deuseztatuko" dituzte enpresa behin betiko itxiz.
Guzti honen aurrean, M4Fko komiteak eta EITBko LABeko ordezkariek diote, "EITBk erantzukizunak onartu behar dituela eta M4Fko langileei bidezko irtenbide bat mahai gainean jarri behar diela". Beraz, gaurko elkarretaratzearen bidez, kaleratzeak salatu eta EITBri zein Eusko Jaurlaritzari neurriak hartzea eskatuko diete; "bakoitzak bere eskumenak erabilita, eitb.com-en kalitatezko zerbitzu profesionala bermatzeko giza baliabideak bideratu behar baitituzte".