Euskal Herriko Mugimendu Feministak `Cuadrilla busca cita´saioaren aurkako protesta deitu du

Euskal Herriko Mugimendu Feminista 2014ko eka. 18a, 09:03
EITBk estreinatu berri duen `Cuadrilla busca cita´ programaren kontrako elkarretaratzea deitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Protesta ekainaren 21ean, larunbata, Bilboko EITBren egoitzaren aurrean, Basurtun, izango da 12:00etan.

Ekainaren 15ean, igandean, emititu zuen ETBko bigarren kateak `Cuadrilla busca cita´ saioa lehen aldiz. Euskal Herriko Mugimendu Feministatik argi utzi nahi izan dute "harriduraz, amorruz eta haserrez" jaso dituztela bertan ikusi eta entzundakoak. Euren aburuz, telebista saio hau "lehen segundotik azkenerarte eduki sexistetan oinarrituta dago; zeinetan, maskulinitate eta feminitate eredu hegemonikoen sustapena dagoen oinarrian".

Euskal Herriko Mugimendu Femnistaren oharra:

Mutilak dira: aktiboak, subjektuak eta neskak, aldiz, objektuak. Saioaren tesirik nabarmenena hauxe da: “Ez gara pertsona osoak, naranja erdiak gara eta beste erdiaren beharra daukagu”, emakume bat gizon batek osagarritu beharko balu bezala. Gizon guztiak heterosexualak, emakume guztiak heterosexualak, beraien genetikan idatzia egongo balitz bezala. Mutilek casting antzeko bat egiten diete neskei. Neskak banaka jaisten dira, pasarela bilakatzen den korridore bat zeharkatuz, bost mutilek galderaz josten dituzte neskak, beraien helburua koadrilako lagunari neska bat aurkitzea delarik.

Ahalko balute bezala, hau da, koadrilakoek neskalaguna aurkitzen diote taldeko azken mutil zaharrari, adin batetik aurrera bizitzako helburu nagusia bikote bat osatzea delako, eta ezkontzea, noski. Egiten diren galderak, filtrorik gabeko astakeriak dira, bikotea casting batean aurkitzerik balego bezala. Kasu honetan, kuadrilako mutilek, aurrean dituzten neskak epaitzen dituzte gustukoak salbatuz eta besteak saiotik kanporatuz.

Urte askotako lana izan da Mugimendu Feministarentzat esterotipoei aurre egitea, jendarteari erakustea harreman mota asko daudela, emakumezkoak ez direla objektuak, eta gizonezkoena ez dela subjektu aktiboa izan daiteken gorputz bakarrak. Lan guzti hori EITBk zakarrontzira bota nahi du, bikoteen eredu komertzial eta hutsala zabalduz, heteroarau hegemonikoena eta hertsiena sendotuz. Berdin du hurrengo kapituluetan nesken koadrila batek mutikoei galderak egiten badizkiete, balioak berberak izango direlako.

Dirudienez, Emakunde lehendik zebilen kezkatua eta EITBri programa ez emititzea eskatu zion, berdintasun irizpideen kontra egiten baitzuen, baina EITBko buruek aurrera egin zuten, Eusko Jaurlaritzak berdintasun politikak bermatzeko duen erakunderik garrantzitsuenaren hitzei jaramonik egin gabe. Zertarako sortzen ditu Eusko Legebiltzarrak Berdintasun Legeak (4/2005) eta berdintasunerako erakundeak? Jaramonik ez egiteko? Ez betetzeko?

Komunikabide publikoek funtzio berezia izan beharko lukete berdintasun politikak eta balioak zabaltzeko garaian, ez da soilik saio bat, `Cuadrilla busca cita´ gaixotasun sakon baten sintoma da, EITBk ez ditu berdintasun politikak sustatzen ez barrura eta ez kanpora begira.

EITBk genero unitate bat izan beharko luke, identifikatua, alegia, eragileek jakin beharko genuke zeintzuk diren berdintasun politikak bermatzen dituzten langileak euskal telebista publikoan. Ezagutu beharko genituzke beraien planifikazioak, gainera eragile bezala planifikazio horien parte izan beharko genuke. Tamalez ez dugu haien berririk.

Dirudienez EITBrentzat gehiago saltzen du Espaniar kate pribatuetan botatzen dituzten programa kutreenak kopiatzea, parekidetasun ereduak sustatzen dituzten saioak egitea baino. Berdin zaie saio horiek matxismorik zikinena sustatzen badute ere, berdin zaie emakumeak objetu bezala agertzen badira, berdin zaie beste eragileok urtetan egin dugun lan guztia.

Ezin ulerturik gabiltza nolatan, EITB kate publikoak honelako saio bat sortu eta emititu dezakeen. Iguingarria iruditzen zaigu, kate publiko batean, diru publikoarekin eduki guztiz sexistetan oinarritutako saio hau sortzeko erabakia hartzea. Zein da helburua? Jendarte patriarkal honetan egun bizirik dirauten bereizkeria egoerak indartzea? Gazteen artean egun erruz ematen diren indarkeria sexista egoerak, non, jabetzan oinarritutako harreman sexu afektiboak indartzea? Lotsagarria iruditzen zaigu telebista publiko batek honelako harreman ereduen aldeko apustua egitea.

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren iritziz ez da nahikoa `Cuadrilla busca cita´ saioa kentzearekin, EITBk berdintasuna sustatzeko ardura duela gogoratu nahi dugu, norabidea aldatu egin behar du, matxismoa sustatzen dituzten saioak baztertuz.