Bilboko Udalaren Lan eta Zerbitzu Sailak etorkizuneko Sabino Arana etorbidea erabat berreskuratzeari ekin dio dagoeneko, zehatz-mehatz, Trenbide etorbidearen eta Autonomia kalearen artean dagoen zatiari. Sabino Aranaren hiri-diseinuak irisgarritasunari eutsiko dio, Basurtu Bilboren gainerako guneekin oinezko esparruen bitartez lotuz. Hala, etorbideak muga izateari utziko dio horretarako espazio berde eta aisialdirako kalitatezko espazioak sortuz.
Sabino Arana erabat berreskuratzeko prozesua bi zatitan egingo da. Lehenengo bidezatia Trenbidearen etorbidea eta Autonomiaren artekoa da, guztira, ia 18.000 metro koadrotakoa. Bertan, aisialdirako guneak, bertan egoteko azpiegitura, bideak, gainazaleko aparkalekua, bidegorria, berdeguneak, umeen jolastokiak, arbolak eta tokiko trafikoa egongo dira. Obrak urtarrilean hasiko dira eta 4 milioi euroko aurrekontua izango dute. Bigarren bidezatiari hurrengo urtean ekingo diote, aurrekontu berdina izanda eta lehenengoa amaitutakoan hasiko da, hau da, jarraian.
Lehenengo bidezatiari dagokionez, "proiektu honek hiriko, auzoko eta bertako beharrizanak batzen dituela esan dezakegu"; diote Udaletik. Horrela, trafikoa murriztua izango da, igotzeko errai batekin eta jaisteko beste batekin, kalea hirirako sarrera/irteera bidea izan dadin ekidituz.
Prozesu honen beste ezaugarrietako bat inguruko eremuetarako elkargunea izatean datza, gune berriak eroso ibiltzeko eta lotzeko funtzioa izango duelako. Kaleko bidegurutze guztiak zebra-bideko kota berean egongo dira, oinezkoak erraz ibiltzeko moduan. Gainera, Sabino Aranak kalitatezko espazio publikoak zein aisiarako guneak edukiko ditu. Etorbide osoan bizikletarako erreia egongo da. 3 metroko zabalera eta 300 metroko luzeerarekin eta beiraz zein material herdoilgaitzez egindako baranda batek errepidetik bereiztuko du. Gainera, tamaina handiko zuhaitzak eta jarlekuak zein landare-ontziak egongo dira.
Urbanizatzeko prozesuaren azalpena
Espaloiek 13,5 metroko zabalera eukiko dute albo bakoitzean, aisialdirako kalitatezko eremuekin eta tamaina handiko zuhaitzekin batera. Eremu honetan 80 aparkaleku egongo dira.
Zankoeta kalea oinezkoentzako eremua izango da, eta plaza berriarekin batera 7.000 metro koadro baino gehiagoko eremua sortuko du. Gainera, plazak adin guztietako umeek jolasteko gune handi bi edukiko ditu. Eremu biak batuta, guztira, 600 metro koadroko gunea egongo da. Plazaren aurreko espaloiek zortzi metroko zabalera edukiko dute, gaur egun baino lau bider gehiago.