Gaur hasiko dira Basurtu eta erdialdea lotzeko lanak

uriola.eus 2015ko mar. 24a, 11:22

Bilboko Udaleko Obra eta Zerbitzuen Sailak gaur hasiko ditu Sabino Arana etorbidearen berritze integralaren aurreneko faseko lanak, hau da, Autonomia kalearen eta Trenbideko etorbidearen artekoak. 

Hiriko bi aldeak lotzeko bokazioa duen proiektu honek oinezkoentzako espazioa irabazteko asmoa dauka. Horretarako, berdeguneak eta oinezkoentzako guneak tokiko trafikoarekin eta bidegorri batekin uztartuko ditu. Sabino Aranaren hiri-diseinuak irisgarritasunari eutsiko dio, Basurtu Bilboren gainerako guneekin oinezko esparruen bitartez lotuz. Hala, etorbideak muga izateari utziko dio horretarako espazio berde eta aisialdirako kalitatezko espazioak edukiz.

Lehenengo bidezatia Trenbidearen etorbidearen eta Autonomiaren artekoa da, guztira, ia 18.000 metro karratukoa. Bertan, aisialdirako guneak egoteko azpiegitura, bideak, gainazaleko aparkalekua, bidegorria, berdeguneak, umeen jolastokiak, arbolak eta tokiko trafikoa egongo dira. Obrak gaur hasiko dira eta 2.365.000 euroko aurrekontua izango dute. Bigarren bidezatiari hurrengo urtean ekingo diote, eta lehenengoa amaitutakoan hasiko da, hau da, jarraian.

Lehenengo bidezatiari dagokionez, proiektu honek hiriko, auzoko eta bertako beharrizanak batzen dituela diote. Horrela, trafikoa murriztua izango da, igotzeko errai batekin eta jaisteko beste batekin, kalea hirirako sarrera/irteera bidea izan dadin ekidinez.

Urbanizatzeko prozesu honen beste ezaugarrietariko bat inguruko eremuetarako elkargunea izatean datza, gune berria eroso ibiltzeko eta lotzeko funtzioa izango duelako. Kaleko bidegurutze guztiak zebra-bideko kota berean egongo dira, oinezkoak erraz ibiltzeko moduan. Gainera, Sabino Aranak kalitatezko espazio publikoak zein aisiarako guneak edukiko ditu. Etorbide osoan bizikletarako erreia egongo da. 3 metroko zabalera eta 300 metroko luzera edukiko du eta beiraz nahiz altzairu herdoilgaitzez egindako baranda batek errepidetik bereiziko du. Gainera, tamaina handiko zuhaitzak eta jarlekuak zein landare-ontziak egongo dira.

Urbanizatzeko prozesuaren azalpena

Hiru fasetan egingo dira Sabino Arana etorbidearen berriztatze-lanak:

1- Autonomia eta Zankoetaren artean: fase hau ekainaren hasiera aldean amaituko da. Plaza pasabide goratuaren kota berean egongo da eta 600 metro karratu izango ditu adin guztietako umeen jolaslekurako.

2- Zankoetatik Eguia Jeneralaren kalera: fase hau abuztuan amaituko da. Zankoeta kalea oinezkoentzako eremua izango da, eta plaza berriarekin batera 7.000 metro koadro baino gehiagoko eremua sortuko du.

3- Eguia Jeneralaren kaletik Trenbideko etorbidera: hirugarren fasea irailean amaituko da, eta horrekin batera, Sabino Arana etorbidea eraberritzeko aurreneko fasea.

Bidegorri batek lotuko ditu Sabino Arana eta Errekalde aldea.