Euskal Herriko eta Akitaniako folkloreak Basurtu auzoa beteko du asteburuan

uriola.eus 2016ko ira. 30a, 08:00

Gure folklore tradizionala sustatzeko asmoz, Udalak Plazarik Plaza programa antolatu du beste urte batez, Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldearen laguntzarekin. Programa Basurtun gauzatuko da asteburu honetan, gaur, irailak 30 eta urriaren 1ean eta 2an (Aita Donostia plazan eta inguruetan). 

Aurrerapen gisa, bihar, irailaren 29an, Aiko taldearen ekimenez euskaraz grabatu den eta euskal jotaren historian ibilbidea egiten duen 'Jotamentala' dokumentalaren aurkezpen ekitaldia jasoko du Basurtuko Udaltegiak –19:30ean, sarrera librea–. 50 minutuz, filmak, joan den mendean Euskal Herriko dantza ezagunenetakoa izan zen jotaren historia eta bilakaera erakusten ditu. Hasieran elizak "atzerriko eta bekatuzko" dantza moduan hartu zuen, eta ondoren euskal dantza "kastoa eta garbia" bilakatu zen. Protagonistetako batzuek aurkeztuko dute dokumentala.

Beste urte batez Basurtuko “Basurto Berri” Merkatarien Elkartearen laguntza ere baduen programaren edizio honen gonbidatu berezia Akitaniako Lous Réoulès folklore taldea izango da. Euren lanaren erakusketa eskainiko diete Bilboko ikus-entzuleei, eta lur haietako musikaz, dantzaz eta antzinako tradizioez beteko ditu Basurtuko kaleak.

Jai giroko programazioa gaur, ostirala, hasiko da, arratsaldeko 18:30ean, Basurtu auzoan, Bilboko Txistulari Bandaren kalejirarekin, eta ondoren DJ DKren musika animazioa etorriko da. Baina programatutako jarduera gehienak larunbatean izango dira. Egun horretako jardunaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da, Beti Jai Alai eta Lous Réoulès taldeek buruhandiekin eta erraldoiekin batera egingo duten kalejirarekin. 

Arratsaldeko programazioa 18:30ean hasiko da kalejira batekin, eta gauera arte luzatuko da, 19:00etan hasita Beti Jai Alai taldearen bertako folklorea eta gonbidatutako taldearen erritmo herrikoiak eskainiko dituen emanaldiarekin. Jardunaldiari amaiera emateko Orquesta Iris eta Mariachi Imperial Villa Hidalgo izango ditugu.

Jai egitarauak domekan jarraituko du, umeen euskal folklore taldeei arreta berezia eskainiz. Txikiek emanaldia eskainiko dute Aita Donostia plazan eguerdiko 12:00etatik aurrera, kalejiran auzoko beste leku batzuetatik igaro ondoren. Umeen dantza emanaldian talde hauek hartuko dute parte aurten: Urdaibai (Forua), Itxas Argia (Getxo), Mendi Alde (Santurtzi), Etorki (Ugao) eta Beti Jai Alai (Basurtu).