Basurtuko barrutiak bat egingo du Begoña, Deustu eta Errekalderekin, non 94 agente dauden modu aktiboan lanean. Lehen jarduera zurrumurruen aurkako agenteentzako prestakuntza ikastaro bat izango da martxoaren 14an, 16an, 21ean eta 23an, 18:00etatik 20:00ak arte, Basurtuko Udaltegian.
Zurrumurruen aurkako programaren helburua tokiko agenteen eta modu indibidualean arituko diren pertsonen sare bat sortzea eta sendotzea da; horiek kulturartekotasuna, bizikidetza eta aniztasunaren alde eta bazterkeriaren aurka arituko dira auzoetan.
Zurrumurruen aurka Basurtun
2016ko amaieran, Udalak mapatze-prozesu bat amaitu zuen Basurtuko barrutian eta zurrumurruen aurkako sarean parte hartzeko interesa zeukaten pertsonak, auzokoak eta hainbat arlotako erakundeak (sozialak, kulturalak, artistikoak…) identifikatu ziren. Mapatze-prozesua helburu hauekin egin zen:
• Basurtuko barrutiko baliabide eta aktore ezinbestekoak identifikatzea, harremanen eta bizikidetzaren dinamika hobeto ulertzeko.
• Preskriptore horien zeregina eta jarrera zehaztea gizarte zehatz bateko eremu sozial, instituzional eta politikoaren esparruan, eta horien indarguneak eta ahulguneak zehaztea, gero barrutian dauzkaten eraginen azterketa egin ahal izateko.
• Aktore horien jarduketen ikuspegi historikoa edukitzea, barrutiko ekintza ekonomiko, sozial eta politiko nagusien arabera.
Prozesu horretan 50 kontaktu baino gehiago egin dira eta elkarrizketak eta eztabaida taldeak egin dira barrutiko eragile garrantzitsuekin.
Identifikazio horren ondoren, otsailean proiektua aurkezteko saio bateratua egin zen eta 24 pertsona joan ziren, horietako batzuk erakundeen izenean, adibidez Lagungo Fundazioa, Basurtuko Erretiratuen Elkartea, Basurtuko Ospitalea, Gaixkinak, Basurtuko Auzokoen Elkartea, PISECO Basurto, Basurtuko Jai Batzordea, Activa Auzokoen Elkartea eta Zorrotzako Auzokoen Elkartea.
Lan horren emaitza modura, martxoan zurrumurruen aurkako agenteentzako ikastaroa antolatu da Basurtun. Hau da programa:
• Immigrazioa: estereotipotik xenofobiara. Estereotipoak eta kultura, estereotipo negatiboak eta immigrazioa, nazionalismo metodologikoa eta lehentasun nazionalaren ideia eta inpunitatearen eremuak landuko dira.
• Zurrumurruak identifikatzea. Etorkinen inguruko zurrumurruak eta aurreiritziak identifikatzea. Estereotipoei eta aurreiritziei buruzko gogoeta eta eztabaida.
• Komunikazioko estrategiak zurrumurruaren aurrean. Komunikazioko elementuak eta erantzunak emateko estrategiak, estereotipoei eta aurreiritziei aurre egiteko tresnak: estrategia afektiboak eta komunikaziokoak.
Era berean, iaz bezala, oinarrizko prestakuntzaren ondoren, mintegi espezifikoak antolatuko dira Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren laguntzarekin, atzerritarren inguruko estereotipoekin eta aurreiritziekin lotutako hainbat edukitan sakontzeko.
Gaur egun, Bilbon 94 agente daude (34 Deustun, 36 Begoñan eta 24 Errekalden) eta modu aktiboan egiten dute lan barruti horietan zurrumurruen aurka. Arlo desberdinetako pertsonak (kultura, artea, kirola, antzerkia, irakaskuntza…) eta modu indibidualean ari diren auzokoak; horrela, estrategia gehiago zabaltzean da. Bilboko Udalaren helburua da immigrazioaren inguruko zurrumurruei eta estereotipoei aurre egin nahi dieten laguntzaileen kopurua igotzea.
Agenteen lanerako metodoak
Zurrumurruen aurkako agenteek, proiektuko talde dinamizatzailearen laguntzarekin, sentsibilizazioko ekintzak egiten dituzte beren inguruetan. Orain ekintza horiek diseinatzen ari dira eta beste batzuk diseinatze-prozesuan daude.
Ekintza horiek zenbait arlotan jartzen dute arreta: kirola, gazteak, eskola, elkarteak eta abar. Horretarako, agenteen taldeak sentsibilizaziorako material berriak diseinatu ahal izango ditu eta tresna orokor hauek dauzka eskura: zurrumurruen aurkako argudioak, immigrazioari buruzko galderen eta erantzunen joko bat, zurrumurruen aurkako aplikazioa (www.quenotecaleelrumor.com), agenteentzako gida bat komunikazioko gakoekin eta tresnekin, eta facebookeko orri bat.
Agenteekin egiten den lana hileroko banakako bileren eta taldeko bileren bidez antolatzen da. Bilera horietan sendotzen da proiektuaren nortasun kolektibo bat.
Agenteen sarea sendotzea
Lan hori areagotzeko, Udala gazteekin ari da Zurrumurruen Aurkako Estrategia garatzen ekitaldi honetan, udal gazteguneen sarearen bidez eta ikastetxeetan sentsibilizazioko dinamikak erabiliz. Aurtengo berritasuna da eduki horietako ekintzak egingo direla erretiratuen elkarteetan.
Gainera, uda eta gero, Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailak herritarrak sentsibilizatzeko jarduera orokorrak egingo ditu agente guztien laguntzarekin.