Segurtasun-dispositibo berezia ezarriko dute Guns N’Rosesen kontzertuan

uriola.eus 2017ko mai. 30a, 09:21

Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak segurtasun neurri bereziak ezarriko dituzte Kaliforniako taldeak gaur San Mames estadioan emango duen kontzertuan segurtasuna bermatzeko.

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, antolatzaileek kontratatutako segurtasun pribatuko langileekin batera, gaur kontzertuan espero diren 40.000 pertsonaren segurtasuna bermatzeko dispositibo zabala antolatuko dute. Polizia-zerbitzuak gaur lehenengo ordutik estadiora sartu diren pertsonen joan-etorriak ziurtatzeaz eta San Mames estadioaren inguruko trafikoa bideratzeaz arduratu dira. Horrekin batera, zenbait gomendio plazaratu dute herritarrek kontuan har ditzaten, besteak beste, aurretiaz joateko eta garraio publikoa erabiltzeko.

 

Gomendioak

  • Ahal izanez gero garraio publikoa erabili.
  • Estadiora kontzertua hasi aurretik behar besteko aurrerapenarekin joan.
  • Identifikatzeko dokumentazioa eraman.
  • Ez eraman objektu edo poltsa handirik.
  • Poltsa eta motxila txikiak miatzeko erraztasunak eman.
  • Segurtasun pribatuko langileek eta polizia-zerbitzuek emandako jarraibideei kasu egin.
  • Debekatuta dago estadiora alkoholdun edariak sartzea.
  • Debekatuta dago estadiora arriskutsuak izan daitezkeen elementu edo objektuekin sartzea.