Publizitate Komunikazioaren Jaialdi Iberoamerikarraren 2017ko edizioa gaur hasi eta ekainaren 3ra arte izago da Bilbon. Edizio honetako nobedadea 1.500 parte-hartzaile hartuko dituen 'El Sol' Publizitate Komunikazioaren I. Biltzarra izango da. Oraingo honetan, 193 agentziak 2.034 publizitate-pieza inskribatu dituzte. Jaialdiak hainbat hitzaldi, solasaldi, proiekzio eta kontzertu antolatu ditu Euskalduna jauregian eta Guggenheim museoan leku izango dutenak. Komunikazioa, ekonomia, publizitatea eta sormena izango dira gai nagusiak eta hiru egunetarako egitarau oparoa prestatu dute.
2014az geroztik Bilbon alderreskan egin diren edizioetan, inskripzio-kopuruak % 7,2 egin du gora. Gorakada honen barruan, estatuko agentziek inskribatutako piezek lehengo kopuruan diraute, pixka bat gora eginda; Latinoamerikakoek, berriz, % 19,7 egin dute gora.
Partaidetza handiagoa
Agentzien partaidetzari buruzko datuetan ere gehikuntza positiboak ikus daitezke. Horrela, 2016an amaitu zen hirurtekoan % 17,7 gehitu da agentzien kopurua aurreko urtekoarekin alderatuta. 2011-2013 hirurtekoan jaialdiak 203 agentzia bazituen ere, 2014-2016 aldian inskribatutakoak 239 izan ziren.
Eragina uriko ostalaritzan
Bilboko Udalak 'El Sol' jaialdiko egunetan bi ordu luzatuko du ostalaritzako lokalak ixteko ordua. Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak urian ekitaldi handiak egiten direnerako egindako eskariari emandako erantzuna da. Neurri hori, ordea, ez zaie aplikatuko eguneko lokalei eta terrazei.