Bilbao BBK Live Jaialdia nazioarteko 70 talderen agertokia izango da asteburuan

uriola.eus 2017ko uzt. 3a, 12:36

Kobetamendiko aire zabaleko jaialdiak XII.edizioa ospatzen du aurten Depeche Mode, The Killers, Die Antwoord, Two Door Cinema Club eta banda gehiagorekin uztailaren 6an, 7an eta 8an. Jaialdiak kartelean eraso sexisten aurkako kanpaina txertatu du: EZ beti da EZ.

Bilbao BBK Live jaialdiak XII. edizioa ospatuko du aurten, eta aire zabaleko pop rock musika-jaialdien artean nazioarteko erreferentzia izango da. Kobetamendin instalatuko den esparrua jaialdiko giroaz eta musikaz beteko da aurten ere uztailaren 6an, 7an eta 8an, bertan 70 musika-talde eta banda baino gehiago bilduko baitira bost agertoki desberdinetan.

Depeche Mode, The Killers eta Die Antwoord izango dira edizio honetako kartelburuak, baina nazioarteko Justice, The 1975, Phoenix edo Two Door Cinema Club taldeak ere bertan izango ditugu. Estatuko eta bertoko artistei erreparatuz gero, Coque Malla, Dellafuente & Maka, Xoel Lopez eta Niña Coyote eta Chico Tornado izango ditugu, besteak beste.

Musika elektronikoak bigarren urtez jarraian txoko berezi bat izango du Basoa gunean, eta luxuzko kartel bat eskainiko du Dixon, Daphni, The Black Madonna, Motor City Drum Ensemble, Andrew Weatherall, Javi Green eta beste hainbat artistarekin.

Bereziak zikloa, halaber, aurten ere itzuli egingo da jaialdia hiriaren erdigunera eramateko. Zuzeneko musika eskainiko die biztanle zein bisitariei Kobetamendiko emanaldien ordutegitik kanpo.

Jaialdiko talde nagusiak

Depeche Mode, ostegunean

Depeche Mode taldeko kideak lider izango dira ostegunean, uztailaren 6an, eta egun horretan Justice nahiz The 1975 taldeek ere joko dute, besteak beste. Banda britainiarrak hirugarren aldiz aukeratu du Bilbao BBK Live jaialdia Global Spirit Tour munduko bira egiteko, maiatzean Stockholm hirian hasi zena. Depeche Mode taldeak 100 milioi baino gehiago saldu ditu eta 30 milioi zale baino gehiagoren aurrean jo du mundu osoan. 

Horiez gain, Justice taldeak ere ostegunean kontzertua eskainiko digu. Bandak musika elektronikoa rock estiloarekin fusionatzen du, eta hamarkada bat baino gehiago darama arrakasta izaten. Lehenengo eguneko karteleko beste talde garrantzitsuenetako bat The 1975 da, indie estiloan nazioartean jarraitzaile gehien dituen bandetako bat. Taldearen azken LPa salduena izan da Erresuma Batuan, NME aldizkariak urteko albumik onenentzat jo du eta Mercury Prize sarietan Urteko Diskorik Onena kategoriarako izendapena jaso du.

The killers, ostiralean

Ostiralerako, uztailak 7, programatutako kontzertuen artean The Killers taldearen ikuskizuna nabarmendu behar da Spaceman, Human edo Bones arrakastekin. The Killers bandak 22 milioi disko baino gehiago saldu ditu mundu osoan, Grammy sarietarako zazpi izendapen, bi Brit Awards eta lau NME lortu ditu, besteak beste.

Egun horretan bertan, Phoenix taldeak joko du Kobetamendiko landetan. 2009. urtean musika alternatiboko albumik onenaren Grammy saria lortu zuen Wolfang Amadeus Phoenix zoragarriari esker. Harrezkero, frantziar hauen ibilbidea gorantz joan da etengabe.

Die Antwoord eta Two Door Cinema Club, larunbatean

Jaialdiaren hirugarren eta azken egunean Die Antwoord taldearen txanda izango da, gaur egungo bandarik ospetsuenetako bat. Hegoafrikarrak musika-eszenara iraultza ekarri zuten 2010ean beren debuteko diskoarekin, eta nekaezinak dira rapa eta dantzatzeko musika zein beren jaioterrikoa maisuki uztartzen dituztenean, estetika oso-oso berezia dute eta. Zuzeneko kontzertu guztiak esperientzia zirraragarri bat izatea lortzen dute.

Larunbateko beste une ikusgarri bat Two Door Cinema Club taldearekin iritsiko da; honako hauek osatzen dute Ipar Irlandako indie rock eta indie pop taldea: Alex Trimble abeslaria, gitarrista eta sintetizatzaile-jolea; Sam Halliday gitarrista eta ahotsak egiten dituena; eta Kevin Baird baxua.

Bertoko taldeak

Ohi bezala, Bilbao BBK Live jaialdian estatuko eta bertoko taldeak ere izango ditugu, hala nola Coque Malla, Dellafuente & Maka, Xoel Lopez, Niña Coyote eta Chico Tornado, Los Punsetes, Izaro eta Zazkel.

Coque Mallak album berria aurkeztuko du, post-Ronaldos osteko etapako zazpigarrena eta Mujeres lanaren arrakastaren ostean kaleratua. Beste alde batetik, Niña Coyote eta Chico Tornado bikote donostiarraren rock-soinuak Kobetamendi leherraraziko du Eate lanaren aurkezpenean, soinu sakon, indartsu eta soilez betea.

Dellafuente & Maka arduratuko dira flamenkoa, hip-hopa, reggaetona eta soinu prozesadoreak Bilbora ekartzeaz, bikainki nahastuz hiri-musika guztiz aldatu baitute. Punsetes taldeko kideak estatuko handienen artean finkatu dira eta Kobetamendira iritsiko dira ¡Viva! bosgarren diskoarekin eta betiko garraztasunarekin.

Banden Lehiaren azken edizioko irabazleak, Zazkel taldeak, jaialdiaren karteleko bandei gehitu zaie; 80ko hamarkadako euskal pop-ean, afrobeat-ean, eta disko musikan oinarritutako erritmo proposamen interesagarria aurkeztuko dute.

Xoel Lopez estatuko artistarik nabarmenetako bat da. Pop-rock estilorik alternatiboenaren eta folk klasikoaren artean kokatzen da beti, eta bere burua artista libretzat dauka. Bilbao BBK Live jaialdira diskografiarik onenarekin etorriko da, aurreko etapan Deluxe gisa grabatutako lan asko barne hartzen dituena. Bizkaiko Izaro kantautore gazte-gazteak bertoko eszena bereganatu du bere ahots leunari esker, pop-folk instrumentazio zehatz eta ederrez jantzitako pertsonalitatearekin. Deskubritu beharreko altxor bat.

Esparru bereziak 

Basoa guneak luxuzko kartela izango du bigarren urtez

Iazko arrakastaren ondoren, mundu osotik etorritako DJak bilduko dira Bilbao BBK Live jaialdiak musika elektroniko zainduenari gordetzen dion Basoa izeneko espazioan, hala nola Baldo, Honey Soundsystem, Javi Green, Mike Servito eta Nicola Cruz nazioarteko figura handiak. Horrela, dantzatzeko musika ahaztezinez jositako hiru egun bermatuko dira Bilbao BBK Live jaialdiko lekurik berezienetako batean.

Musika elektronikoaren abangoardian, Baldo underground soinuekin bizi da, modetatik at, eta bere set guztietan house, deep, azidoak eta tech-club, Chicago eta Detroit soinuak daude. Honey Soundsystem taldeari dagokionez, dantzatzeko musika ulertzeko modua aldatu du San Frantzisko hirian, eta erreferentzia bihurtu da hiri osoan.

Javi Green Eivissan bizi den bilbotarra dugu, 14 urte zituela musika elektronikoan murgildu zena. Pacha, Space eta Ushuaia klubek, bai eta zerrendan ezinbesteko diren beste askok ere, DJ eta ekoizle gaztea izan dute beren etxeetan. Artistak giro-soinuak minimal soinuekin eta organikoekin uztartzen ditu.

Dantzatzeko musika, techno edo house, Mike Servitok edozein estilo bereganatu dezake. DJak abilezia handia du nahasketak egiteko, eta saioak nola hasiko dituen argi dagoen arren, ezinezkoa da nola amaituko dituen jakitea. Set bikain eta ahaztezinak sortzen ditu.

Nicola Cruz Frantziako ekoizle, musikari eta DJa Quiton bizi da, eta bertan egiten du lan. Artistaren xedea da mota desberdinetako iturriak gehitzea, eta horrela bere etxeko paisaia, kultura, ohitura eta erritmoak biltzeko grina barne hartzen du.

Bereziak zikloa, jaialdia Bilboko kaleetan

Bilbao BBK Live jaialdian berriz ere antolatuko da Bereziak zikloa. Horri esker, jaialdia erdigunera hurbiltzen da urtero eta Kobetamenditik at ere jai-giroa da nagusi, jaialdiaren astean kontzertuak eta jarduerak egingo baitira. Uztailaren 6an, osteguna, motorrak berotzen hasiko gara jaialdia hasi aurretik; izan ere, betiko ustekabeko kontzertua eskainiko da BBK Salaren kanpoaldean. Ostiralean, hilak 7, Rufus T. Firefly, Nudozurdo eta Silvia Bocca & Gang bandaren txanda izango da. Taldea larunbatean ere, hilak 8, bertan izango da Delorean, Iseo & Dodosound w/The Mousehunters taldeen batera, Bestalde, Jägermusic itsasontzia Kaixo, Rrucculla eta King Kayman direlakoekin itsasoratuko da Pio Baroja kaitik. Larunbateko emanaldietan Play'N'Kids ere izango dugu, familiarekin gozatzeko jarduerez eta musikaz betetako zortzi ordu.

Bilbao BBK Live Bereziak: Egitaraua eta ordutegia

Osteguna, uztailak 6

13:30h Ezusteko kontzertua BBK Salako kanpoaldea (Kale Nagusia 19)

Ostirala, uztailak 7

12:00h Silvia Bocca & Gang banda Cinzano terraza (Erribera)

13:00h Rufus T. Firefly Areatza Heineken (Areatzako kioskoa)

14:00h Nudozurdo Cinzano lorategiak (Albia lorategia)

Larunbata, uztailak 8

10:00h-18:00h Play’N’Kids Areatza

12:00h, 13:00h eta 14:00h Kaixo, Rrucculla eta King Kayman Jägermusic itsasontzia (Pio Baroja kaia) * heltzen joan ahala sartuko da jendea lekuak bete arte

12:00h Silvia Bocca & Gang banda Cinzano terraza (Erribera)

13:00h Delorean Areatza Heineken (Areatzako kioskoa)

14:00h Iseo & Dodosound w/The Mousehunters Cinzano lorategiak (Albia lorategia)

Eraso sexistarik gabeko jaialdia

Jaialdiaren aurkezpenean, Last Tour delakoak eta Bilboko Udalak Bilbao BBK Live jaialdian eraso sexistak prebenitzeko lehenengo kanpainaren berri eman dute. Aste Nagusian jada erabiltzen den Ez beti da Ez. No es no mezu irmo eta erraza erabiliko da, eta asmoa da herritarren arreta erakartzea errespetuan eta askatasunean oinarritutako harremanen aldeko jarrera erakuts dezaten.

Eraso sexisten aurkako protokolo zehatz bat duen lehenengoa da estatuko jaialdi handien artean. Hiribilduko jaietan egiten den bezala, mezua biziagotzeko estrategia zehatz bat jarri da abian: Bilbao BBK Live jaialdian eraso sexistekin ez da inolako tolerantziarik egongo.

Last Tour delakoak eta Bilboko Udalak elkarrekin diseinatu dute kanpaina, eta gogorarazi nahi digute udal-baliabideak herritar guztien esku baina bereziki emakumeen esku jartzen dituztela. Gainera, nola jardun behar den, eta erasoren bat jasan edo ikusiz gero nora deitu behar den azaldu dute.

Kanpaina honetan hainbat sentsibilizazio-elementu egongo dira:

Lehenik eta behin, jaialdiko kartelean taldeen izenak EZ beti da EZ, NO es NO gaitzespen-mezuarekin aldatu dira, eta errespetua eskatu da berdintasunezko jaialdi aske bat izango den horretan.

Era berean, informazio-gida bat prestatu da euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez; bertan, eraso sexistak identifikatzeari eta horien aurrean erantzun beharreko moduari buruzko informazioa jaso da. Gida deskargatzeko moduko bertsio digitalean eskainiko da, eta eraso sexistak zer diren azalduko du mutil eta neskei mezu zuzenak eta zehatzak emanez.

Bilboko Udalaren ustez oinarri-oinarrizkoa da gizarte-eragile, erakunde eta komunikabide guztien inplikazioa egotea, bai eta gizartearen eta taldearen erantzuna izatea mota guztietako eraso sexisten aurrean. Udal-arduradunek Bilbao BBK Live jaialdiaren arduradunen konpromisoa nabarmendu dute, hala erakutsi baitute jai-esparru pribatu batean eraso sexisten aurkako lehenengo protokoloa abiarazi dutenean.

Bilboko Udalak gogorarazi du emakumeen aurkako indarkeria urteko 365 egunetan salatu behar dela, eta herritarrek egunero-egunero erakutsi behar dutela emakumeen eta gizonen berdintasunezko harremanen eta indarkeriarik gabekoen aldeko konpromisoa. Bestalde, herritarrei eskatu die arduratsuak izan daitezen, eta edozein eraso sexistaren aurrean inolako tolerantziarik eta inpunitaterik ez erakusteko. Erasoak gertatzen direnean, emakumeen askatasunaren errespetu-galtze txikiak badira ere, gizarteak taldean erantzun behar du eta erabat gaitzetsi. Horrek esan nahi du mutilak, neskak, gizonak, emakumeak, lagun-taldeak edo familiak ezin direla emakumeen aurkako indarkeriaren edozein adierazpenen sopikun izan.

Zerbitzuak eta guneak

Kanpina

Jaialdiaren eremutik hiru kilometrora kokatuta dago, paisaia apartak dituen Bilboko aisialdirako esparru handienetako batean. Bilbao BBK Live jaialdiaren kanpalekua berdegune natural bat da, zuhaitzekin, eta beharrezko zerbitzu guztiekin hornituta dago: ura, dutxak, supermerkatua, armairuak eta janaria prestatzeko tokia. Kanpalekua asteazkenean, uztailaren 5ean, irekiko da, 12:00etan, eta igandean, uztailaren 9an itxiko da, 15:00etan.

Kanpatzeko eskubidea jaialdirako sarrerak kanpatze eta guzti erosiz eskuratzen da, edota kanpatzea aparte erosiz. Aipatutako egunetan edozein unetan kanpatzeko aukera izango da, betiere dagokion eskumuturrekoa erakutsiz.

Bilboko Udalak jakinarazi nahi du egokitutako eremuan baino ezin izango dela kanpatu. Janaria eta edariak sartu ahal izango dira, baina, segurtasun-arrazoiak direla eta, debekatuta dago sua piztea. Kanpalekuaren erabiltzaileei joan-etorrietarako 24 orduko doako autobus-zerbitzua erabiltzeko eskatzen zaie, bereziki gauez, kontzertuen eremutik kanpalekura joateko aldian-aldian ibiliko baita.

Glampina

Bilbao BBK Live jaialdiko kanpalekuak Glamping zerbitzu bat dauka era guztitako luxuez gozatu ahal izateko, Bell Tent (4 pertsona), Easy Tent (2 pertsona) edota Easy Tent Deluxe (pertsona 1) motatako dendak aukeran dituena. Gama altuko kanpalekuak honako hauek barne hartzen ditu: buffet gosaria, berez haizatzen diren koltxoiak, oherako arropa, mesanotxea, LED argia, estalitako zorua, giltzarrapo zenbakidunak eta sarbide-kontrol areagotua, Glamping eskumuturrekoaren bitartez. Aldez aurreko erreserbak hemen: theglamping.com/bbk.html.

Ostalaritza

Jaialdiaren eremuan ikusleentzako hogeita bi barra egongo dira; horietatik, barra bat kanpalekuan jarriko da eta bi VIP barra ere egongo dira. Edizio honetako eskaintza gastronomikoa handitu egin da eta hainbat janari-postu eta foodtruck jarri dira; horietan, besteak beste, hauxe eskainiko da: hot dog-ak, artisau-pizzak, ogitartekoak, hanburgesak, patatak, kebabak, sandwichak artisau-ogiarekin eta gourmet sandwichak... Gainera, aurten, izozkiak eta krepeak eskainiko dituzte foodtruck gozoak egongo dira, eta hainbat janari-postutan janari thailandiarrak eskaintzen dituen aukera begetariano eta zeliakorik gozo eta interesgarrienak dastatzeko aukera izango da.

Merkatua

Merkatu-eremuan hainbat produktu (arropa, diskoak, liburuak, kamisetak eta abar) erosteko aukera emango duten salmenta-puntuak egongo dira.

Jaialdiaren stand ofizialean, beste behin, edizio honetan joko duten talde guztien merchandising produktuak jarriko dira salgai, bai eta jaialdiaren produktu esklusiboak ere.

GKE batzuk ere merkatu-eremuan izango dira, besteak beste, Greenpeace eta Ai Laket Drug Test.

Ordaintzeko sistema

Bilbao BBK Live jaialdian, lehenengo aldiz aurten, eskumuturreko adimendunak erabiltzea izango da ordainketa-metodo bakarra, hau da, ezin izango da eskudirurik erabili. Eskumuturretako txipak, gainera, Kobetamendiko esparrura sartzen eta irteten direnak kontrolatzeko erabiliko dira.

Pertsona guztiek jaialdia baino lehen kargatu ahal izango dituzte eskumuturrak, bai webgunean, bai aplikazio ofiziala erabiliz. Horrez gain, jaialdian ere kargatzeko hiru aukera eskainiko dira: jaialdiaren aplikazioa erabiltzea; online, telefono mugikorraren bitartez cashless kontuan edo esparruan bertan egongo diren kargatzeko postuetan kargatzeko aukera automatikoki aktibatzea edo kreditu-txartela erabiltzea. Gainera, soberan geratzen den saldoa uztailaren 11tik 24ra berreskuratu ahal izango dute, itzultzeko eskatzen badute.

Sarrerak eskumuturrekoengatik trukatuko dira jaialdiaren esparrura sartzeko ateetan, eta erabiltzaileek saldoa eta kontsumoa kontsultatu ahal izango dituzte kargatzeko postuetan, bai eta jaialdiko langileei ordainketa baimentzen dieten bakoitzean ere. Jaialdiaren antolatzaileek aldez aurretik kargatzea gomendatzen dute, horrela ilarak ekidingo dira esparruaren barruan eta jaialdira dirurik eta kreditu-txartelik gabe joango ahal izango gara. Aldez aurretik kargatzeko aplikazioa eta www.bilbaobbklive.com webgunea erabili ahal izango dira, non urrats guztiak zehaztu diren eta sarrera bakoitzaren kodea non aurki daitekeen azaldu den, erantzun diren beste zalantza batzuen artean.

Cashless eskumuturreko adimendunak RFID/NFC teknologiadun txip bat dauka, eta jaialdiko langileek erabiliko dituzten irakurgailuen aurrean mugimendu bat egitea nahikoa izango da esparrura sartzeko eta ordaintzeko. Diru-zorro bat izateaz gain, Bilbao BBK Live jaialdira sartzeko erabili ahal izango da eskumuturrekoa; hortaz, eguneko sarrerak eta bonuak erosten 

Ostalaritza orsutegiaren luzapena

Bilboko Udalak ordu bi luzatuko du ostalaritzako lokalak ixteko ordua urian garrantzi handiko ekitaldiak daudenean edo egun bereziki seinalatuetan, hala eskatu dio-eta Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak. Luzapen hori ondoren adierazitako egunetan aplikatuko zaie ostalaritzako lokal guztiei, terrazei, kanpoko kontsumokoei eta osagarriei izan ezik.