Covid-19a detektatzeko leku baten bila, Osakidetzak Basurtuko Udaltegiko Areto Nagusia hartu du, Bilboko Udalaren onarpenarekin. Iragarki honek haserre handia sortu du Basurtuko Auzotarren Elkartean, Basurtuko Eskola Publikoko IGE-n eta hurbileko komertzioetan. Izan ere, Auzotarren Elkarteak prentsa-ohar batean azaldu duen moduan, ez du egoki ikusten adin guztietako pertsonak batzen dituen zentro bat Covid-a izan dezaketen pertsonaz betea egotea.
Hala ere, osasuna ez da arazo bakarra. Aretoa Basurtuko hainbat elkartek erabiltzen dute askotariko ekintzetarako. Talde ugarik entseatzeko erabiltzen duten espazio balioaniztuna da, non udaleko arlo ezberdinek ikastaroak eta hitzaldiak ematen dituzten. Basurtuko Auzo Elkarteak ere hitzaldiak eta irakurketa tailerrak egiten ditu. Baina orain, Osakidetzaren okupazio honek, "aukerarik gabe" uzten omen ditu. Batzeko espazio komun barik uzten ditu auzotarrak, salatu dutenez.
Konponbide baten bila, besteen errekurtsoak "inbaditu" baino lehen haienak propioak erabiltzeko eskatu diote Osakidetzari. Haien ustez, beraien osasun zentroetan edo Basurtuko Ospitaleko pabiloietan detekziorako espazioak jarri daitezke. Gainera, gogorarazi dute La Casilla-ko kirol pabiloia aurretik erabili izan dela detekzio probak egiteko. Bertan, ez dago inolako komertziorik hurbil eta osasun arriskuak askoz txikiagoak izango lirateke, auzo elkartearen iritziz: "Zergatik ez dira berriz zabaltzen? Hilabeteetako jardueraz ari gara. Aurreikuspenik eta erabateko antolaketarik ezaren sentsazioa dugu".
Arazo honekin amaitzeko, irmoki eskatu diote Osakidetza eta Bilboko Udalari hausnartzeko, zuzentzeko eta irtenbide hobea bilatzeko.