Basurtuko ospitaleko erditze zerbitzuko bero arazoak konponduko dituela hitz eman du Osakidetzak

uriola.eus 2024ko eka. 21a, 12:11

Argazkia: Europa Press

Urteak daramatzate Basurtuko Ospitaleko erditze zerbitzuko langileak udan tenperatura altuak pairatzen.

Basurtuko ospitaleko langileek urteak zeramatzaten udan pairatzen zituzten tenperatura altuak salatzen. Apirilean ELA sindikatuak deitutako langileen mobilizazioen esker, Osakidetzaren zuzendaritzak langileen baldintzak hobetzeko “neurri errealak “hartuko dituela hitz egin du. Ondare sailarekin bilera egingo dute fatxadan lau aire girotu ezartzeko lanak egin ahal daitezen, isolamendu termikoa duten leihoak eta argia ez sartzeko estoreak jartzeko, eta, neurri hauek nahikoa izango ez balira, Osakidetzak erditze eremua ospitaleko beste eremu batera eramateko konpromisoa hartu du.

Iturrizarreko langileek eta sindikatuak urteak daramatza erditze zerbitzuko baldintzak hobetzeko ekatzen, lan ikuskarien babesarekin eta Osakidetzaren ekimen ezaren aurrean. Egoera honen eraginez, langile eta erabiltzaileek 38 gradutarainoko tenperaturak jasan behar izan dituzte udan, haien osasuna arrisku larrian jarrita. Osakidetzak neurriak hartuko baditu ere, aurtengo udan ere tenperatura altuak jasan beharko dituzte Basurtuko ospitaleko erabiltzaile eta langileek. Horren eraginez ELAk neurriak lehenbailen jar ditzala eskatu dio Osakidetzari langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko.