Begoñako igogailuko langileek lanuzteak iragarri dituzte

uriola.eus 2014ko mai. 14a, 09:05
"Oso nekatuta" daude igogailuko bost langileak. Joan den irailetik arazoak dituzte soldata kobratzeko. Izan ere, hainbat soldatako zorra pilatzera iritsi dira. "Horrela ezin dugu jarraitu" adierazi diote URIOLA-ri. Hori dela eta mobilizazioak iragarri dituzte maiatzaren 23tik aurrera eta, erantzunik jaso ezean, greba mugagabera joko dute maiatzaren 28tik aurrera.

"Gurekin jolasten ari dira" dio Migel Anjelek. Bera da Ascensores de Begoña S.A. enpresak dituen bost langileetako bat, eta lankideak bezala "oso nekatuta" dago azken hileetan bizi duten lan egoeragatik. Hiru hileko soldata zor die enpresak eta "hile bukaeran lau hilekoa izango da". Horregatik adostu dute mobilizazioak abiaraztea.

Lanuzteak lehenengoz, greba mugagabea gero

Maiatzaren 23an ekingo diete lanuzteei. Ostiralean, maiatzak 23, 8:00etatik 10:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Maiatzaren 24 eta 25ean, larunbata eta igandea, 12:00etatik 14:00etara egingo dituzte lanuzteak. Maiatzaren 26 eta 27an "ez dugu ezer egingo", aurreratu dute. Eta enpresaren jarreraren arabera, maiatzaren 28tik aurrera "greba mugagabea" egiteko prest agertu dira igogailuko beharginak. Horrela balitz, gutxiengo zerbitzuak ezarriko dituzte.