Reyes Lengaran, BIGE: “Euskal eskola publikoak izan behar du hezkuntza sistemaren ardatza”

bertonaldizkaria 2014ko eka. 11a, 10:22

Argazkia: Iñigo Azkona
Zurbarango Ikasleen Gurasoen Elkarteko batzarkide izan zen Bizkaiko Gurasoen Elkarteen Federazioan (BIGE). Batzordea alde batera utzi zuen kultuartekotasun proiektu batean lan egiteko, BIGEren barruan, zazpi urtez. Ana Izagirre, aurreko koordinatzailea ‘jubilatu’ zenetik, haren lekua bete du. Hiru ikasturte daramatza BIGEko buru.

Zenbat kide zarete Bizkaiko Gurasoen Elkarteen Federazioan?

Federatuta daudenak, egun, 226 Ikasleen Guraso Elkarte (IGE) dira. Izan ere, aurten hiru IGE berrik izena eman dute. Errealitatea da elkarte denek ez dutela era berdinean federazioan parte hartzen, batzarretan, erabakietan. Federazioaren helburu nagusietako bat da aholkua eta laguntza ematea elkarte horietan dauden pertsonei. Era guztiz boluntarioan ikastetxean familien parte-hartzea sustatzearen alde lan egiten ari diren eta euren aisia ‘ematen’ ari diren pertsonei, hain zuzen. Hortxe daukagu BIGE zure zerbitzura programa.

Beste zein arlotan egiten duzue lan BIGEn?

Batetik, Hezkuntza-elkarrizketan. IGE bakoitza independente eta autonomoa da, jakina. Baina BIGEk instituzioen aurrean bitartekari papera hartzen du, batzuetan era bateratuan joateko ahots bakar eta indartsuago gisa. Bestetik, familiei begira trebakuntza aktibitate batzuk eskaintzen dizkiei: ‘gurasoen eskola’, euskara departamentua… Eta azkenik, komunikazioarena. Informatuta egoteak hezkuntza zentroan hobeto parte-hartzea ahalbidetzen duelako. Zer eta zertarako dagoen eskola kontseilu bat jakitea; zelan eskatu behar diren eskolaz kanpoko ekintzak, zelan eraman proiektu bat aurrera zure ikastetxean… errazagoa izaten da laguntzaz eta informazioaz.

IGEk osasuntsu daude?

Denetik dago. Ikastetxean betidanik egon direnak daude, ‘instituzioak’ direnak. Egia da familien parte-hartzea, gizartean gertatzen den bezalaxe, txikitu egin dela. Geroz eta gutxigo hurbiltzen dira elkartera lan egitera era boluntarioan. Uste dut garaiekin bat gatozela. Bide zuzena gurasoen elkartean parte hartzea da, ez bakarrik ikastetxearen kudeaketan esku hartzeko, inguruko familiekin esperientziak konpartitzeko eta komunitate indartsuagoa osatzeko bidea ere badelako.

Zelan dago eskola mapa egun?

1996tik ez da aldatu. Beharren arabera egokitzapen txikiak egin dituzte. Beharren eta diruaren arabera. Bigarren barrutian, esaterako, Ellacuria eta Zurbaran institutuak batu zituzten. Hortxe dago, eta norbaitek egin beharko luke honen balorazioa. Ibaiondo barrutian ere, arazoak daude, ez dutelako Bigarren Hezkuntzako ikastetxerik. Gurasoek barruti horretan hezkuntza publikoko eskaintza osoa egotea eskatu dute.

Horixe da lehentasun bakarra?

Ez. Santutxu, Begoña eta Txurdinagako ikastetxeetan obrak egitea behar-beharrezkoa da. Briñasen aterpe bat jartzeko borrokan ari dira. Dagoeneko onartuta dago. Birjinetxen eta Txurdinagan ere behar berdinak dauzkate. Bilbon bizi gara. Euri egun asko izaten dira, eta gure ikastetxeetan patio askorik ez dago. Mugikortasuna errazteko ere obrak egin beharko liratezke.

Zein da administrazioaren ikasgai ‘maria’?

Gobernu denek gainditzeke duten irakasgaia da, hezkuntza sistemaren ardatza, euskal eskola publikoan sinestea. Kontzienteak garenean eskola publikoa dela euskal hezkuntza sistemaren oinarria, gobernatzaileak horretaz jabetzen direnean, inbertitu behar den lehen lekua hezkuntza dela, eta hezkuntza publikoa, denentzakoa dena, parekidea, euskalduna, demokratikoa eta abar; hobea edo txarragoa, baina gurea. Onena izan dadin lanean segitu behar dugu.

Ezberdintasunak aintzat hartuta.

Jakina. Ezberdintasunak bakar egiten gaituelako, ona da, aberastasuna da guretzat eta gure seme-alabentzat. Niri ezberdina izatea gustatzen zait.

Eta LOMCE legea?

Inposatutako legea da, guk behar ez duguna. Baztertzailea, ez demokratikoa. Hezkuntzaren pribatizaioa suspertzen du. Ikasten duzunaren arabera kokatzen zaitu. Azterketak azterketen gainean eginaraziko ditu. Gure seme-alabentzako zama besterik ez da. Urte hauetan familia denei saiatzen ari gara lege honek dakarrena jakinarazten hitzaldien bitartez. Ikastetxeak akademia bihurtuko dituzte, gure seme-alabak azterketa bat egiteko baino ez dituzte prestatuko.

Inposatua izatea ez da gauza berria.

Oso kezkagarria da, Lehen Hezkuntzan zailtasunak dituzten ikasleak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza sistematik baztertuak izan daitezkeelako eta inork ezagutzen ez duen oinarrizko Lanbide Heziketa batera bideratuak izango direlako; izugarria iruditzen zait. Edota erlijioak hartu duen balioa eta elite posizioa gure sisteman. Edota sortu duten ikasgai berria ‘Balio zibiko eta kulturalak’ izenekoa. Adoktrinamendua. Rancking-etan datuak argitaratzea; publikoan plaza libreak daudenean pribatuan edota hitzarmenpekoetan plazak eskaini ahal izatea; lursail publikoetan pribatuek eraikitzeko aukera izatea…. LOMCEk hezkuntzaren pribatizazioa dakar, bere gordinean. Eta gu, ez gaude hori onartzeko prest.

Gurasoen parte-hartzeari buruz zer dio LOMCEk?

Eskola Kontseiluetan baino ez dugula hitza izango. Nork erabakiko du orduan? Bada, ikastetxeko zuzendariak. Eta nork erabakiko du zein izango den zuzendaria? Bada, hezkuntza administrazioak, eta ‘goitik’ esaten diotena egingo du. Parte-hartzea galduko da, baita erabakitze ahalmena ere. Gu, BIGE eta EHIGE, BIHE eta SAREA moduan, gai honen inguruan intsumiso edota objektore egiteko proposatzen ari gara eskola kontseiluetan.

Eta irakasleak, nork hautatuko ditu?

Bada atal bat non aipatzen den zelan aukeratuko diren irakasleak; ikastetxeak dituen proiektuen arabera izango da. Zuzendaritzaren arabera, alegia.

Euskal Eskola Publikoaren Jaia pasa berri da.

Poz-pozik antolatu dugu eta poz-pozik pasa genuen eguna. Balmasedan jende langilea, euskalduna dago. Lekutan daudelako apur bat ahaztuta sentitzen dira. Mendia LHIk eta Balmaseda BHIk lan polita egin dute.

Tartean, jai biren arteko gatazka egon da.

Gure aldetik ez da inolako konfliktorik egon datarekin. Argi gera dadila nahiko nuke. Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren eguna beti izan da ekainaren lehendabiziko igandea. 24 urtez antolatu dugu egun horretan.

Negoziaziorik egongo da?

Ez zen negoziaziorik egon. Guri galdetu bai, ea aldatuko genuen. Eta guk erantzun genien ez zela lehenengo aldia hauteskunde batzuekin bat egiten zuela egun horrek, Bergaran gertatu zen bezala, eta ez genuela aldatuko. Eurek ekainaren 1era pasako zutela erabakita zeukaten, eta guk gure haserrea eta ezustea adieraztea besterik ez genuen izan. Hala erabakita zeukaten. Gu ez gara nor eurei esateko noiz egin edo noiz ez. Ez zaigu batere gustatu euren erabakia, baina beno, hementxe gaude. Azpimarratu nahi dugu eskola publikoak ere euskararen defendatzaile direla, ikastolak beste.

Argi daukazue.

Bai, euskal eskola publikoak izan behar du hezkuntzaren ardatza. Eta hezkuntzan dirua badago, lehendabizi publikoan dauden beharrak asetzera bideratu behar da, asko direlako: obrak, azpiegiturak... eta soberan bada, orduan gainontzekoen artean banatzea ondo dago. Baina publikoa, aurretik.