Begoñako igogailuaren egoeraren inguruan duen erantzukizuna hartzea eskatu dio EH Bilduk Udalari

Erabiltzailearen aurpegia EHBildu Bilbo 2014ko uzt. 2a, 09:04
Koalizioak bat egin du igogailuaren itxiera salatzeko auzokideek deitu duten elkarretaratzearekin. Protesta, bihar, uztailak 3, izango da Mallonako futbol zelaiaren atarian, 19:00etan.

Begoñako Igogailuaren inguruan dagokion erantzukizuna bere gain hartu, eta afera horri hel diezaiola exijitu dio EH Bilduk Bilboko Udaleko Zirkulazio eta Garraio Sailari. Koalizio soberanistak gaitzetsi egin du sail horrek Begoñako auzokideei emandako erantzuna, ez baititu ezertarako kontuan hartu igogailua martxan mantentzeko eskatuz horiek lortu dituzten 2.873 sinadurak.

Zentzu horretan, Aitziber Ibaibarriaga bozeramaleak “etsigarritzat” jo du Asier Abaunza Garraio zinegotziak emandako erantzuna. Ibaibarriagaren esanetan, “Abaunzak ezin du gaia itxitzat eman eskumenik ez duela arrazoituz”. “Abaunzak berak uko egin baitzion eskumen horri Udalari zegokiola adierazten zuen Kable Bidezko Garraio lege proiektuaren bigarren xedapen iragankorraren aurka egin zuenean”, gogoratu du Ibaibarriagak. Aipaturiko lege proiektua 2012an onartu zuen Eusko Jaurlaritzak.

Gauzak horrela, EH Bilduko bozeramaileak adierazi du argi geratu dela egungo egoeraren erantzule ere badela Udala. Udalak berak uko egin baitzion Begoñako igogailua kudeatzeko eskumenari, nahiz orain horretarako eskumenik ez duela dioen, afera horretan izan duen arduragabekeria zuritzeko.

“Igogailuak jarraituko duen zalantzazko egoerari gehitu behar zaio langileen egoera”, salatu du Ibaibarriagak. Gutxien-gutxienez, hiru hilabeteko soldata zor die enpresak. “Beste behin ere ikusi behar dugu zer-nolako utzikeriaz jokatzen duten instituzioek zerbitzu publiko bat ematen lanean ari diren langileen baldintzen inguruan. Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak beste alde batera begiratu dute, haien ardura ez balitz bezala”.

Kontrara, Begoñako auzokideak zoriondu ditu Ibaibarriagak. Lan eskerga egin dute sinadurak biltzen. Jakinarazi du EH Bilduk bat egiten duela biharko, uztailaren 3rako, Mallonako futbol zelaiaren atarian 19:00etan deitu duten elkarretaratzearekin.