Lehenengo goitibehera lasterketaren mendeurrena

Hektor Ortega 2014ko uzt. 9a, 07:30

Argazkiak: Novedades aldizkaria

Lehenengo goitibehera lasterketa egin zenetik ehun urte bete dira ekainean. Egirleta eta Begoñako plaza lotu zituen eta zer esan asko eman zuen. Aurreko batean prentsan laga zituen oihartzunak aipatu genituen. Oraingoan, agintarien eta antolatzaileen arteko komunikazioak aztertuko ditugu.

BERTON aldizkariko 159. zenbakian eman genuen 1914ko ekainaren 6an Egirletan hasi (Santo Domingo) eta Begoñako plazaraino (basilikaren atzealdean) jaitsi zen goitibehera lasterketaren berri. Oraingo honetan, ehun urte bete direla eta, garai hartan zer esan asko eman zuen lasterketa hura gomutara ekarri ez ezik, antolatzaileek gainditu behar izan zituzten eragozpenak aipatuko ditugu. Ez ziren gutxi izan eta.

Lasterketaren ideia Bilboko Club Deportivon egosi zen. Garai hartan elkarte hark kirol berri guztiei eman nahi izan zien bultzada: futbola, atletismoa, mendizaletasuna, txirrindularitza, igeriketa… Ingalaterratik zetorren ereduari jarraituz, sport ean jarduteko zaletasuna sustatu nahi zuten, gorputzarentzat nahi izpirituarentzat onuragarria zelakoan. Gustu burgesen araberako kirola zen hura, baina aurrerapausoa fabriketako keek mendean hartutako Bilbo hartan.

Sustatzaile nagusi gisa, duda barik, Antxon Bandres Azkuek ziharduen, garai hartan Club Deportivoko presidentea eta euskal kirolaren historian ezinbesteko erreferentzia. 1914ko apirilaren 22an gutuna bidali zion Begoñako alkateari, lasterketaren berri emateko. Honela azaldu zion: “practicándose con preferencia en esa jurisdicción un nuevo deporte que en lo sucesivo le designaremos con el nombre de 'Goitik bera', consistente en un carrito de tres ruedas conducido por uno o dos muchachos que se deslizan suavemente por las pendientes de los caminos y siendo nuestro objeto practicar algunas pruebas para celebrar en breve un arriesgado y vistoso concurso que constituira un festejo para el vecindario, ruego a VS…” entrenamendu saioak egiteko baimena eskatu zion. Beraz, artean hura kirol berria zen, eta zertan zen azaldu beharra zegoen. Segurtasuna bermatze aldera, goitibeheretan galgak txertatuko zituztela agindu zuen Bandresek.

Hilaren 29an Begoñako alkate Aniceto Herediak baimena eman zuen, beti ere galgak goitibeheretan erantsiz gero. Hurrengo asteetan entrenamenduak egin zituzten Begoñan eta maiatzaren 14an Bandresek lasterketaren eguna jakinarazi zion herriko alkateari: maiatzaren 24a. Gobernadore Zibilak ere idatzi zion Begoñako Udalari jaitsiera hura egiteko baimena emana zuela jakinarazteko.

Lasterketa galazota

Eta orduan ezustekoa gertatu zen. Entrenamendu saioetan kalte pertsonalak ugari ei ziren eta horrela jakinarazi zion Begoñako miñoien buruak –Jose Torrek- hala Diputazioari nola Gobernadore Zibilari hilaren 18an: “en las carreras de Goitik-beras que se celebran estos días en la carretera de Santo Domingo a aquella anteiglesia suelen resultar muchos corredores con lesiones a causa de las caídas que sufren de los aparatos que emplean”. Parte hori jakindakoan gobernadorea larritu zen eta berehala kendu zuen lasterketa egiteko baimena. Maiatzaren 19an Antxon Bandresi honela idatzi zion: “vistos los incidentes que vienen ocurriendo repetidamente en los ensayos o pruebas de carreras denominadas “goitik beras” y peligros e incomodidades que ofrece, para la seguridad de los transeuntes me veo en la imprescindible necesidad de retirar la autorización que para esta clase de deportes concedí a ese distinguido club de su digna presidencia en fecha 15 del corriente”. Hala ere, baliteke lehenago ere probak egiteko oztopoak jarri izana, bezperan, maiatzaren 18an alegia, prentsan agertu baitzen zaurituak izan zirela goitibehera jaitsiera horietako batean, “Gobernadoreak galazo arren”.

Edozelan be, hurrengo egunetan urak bere bidera itzuli ziren eta Gobernadoreak baimena eman zuen goitibehera lasterketa maiatzaren 24an egiteko, arratsaldez. Orduko hartan ere ez zuten egin, eguraldi zantarra zela medio. Bandres eta konpainiak ez zuten amore eman. Ekainaren 6ra atzeratu zuten. Zapatua zen eta goizeko 4ak eta 7ak artean egiteko programatu zuten, “egunez ezin baitira egin, jende gehiegi dabilelako”. Ekainaren 3an laguntza eskatu zion Begoñako Udalari (txinelak jartzeko bidean, egoki banaturik, ordenari eusteko) baita arazo praktikoak zelan konpondu aholkatu ere: “Para el paso de los burros que, según noticias, empiezan a circular desde las cinco y media podría disponerse que los que buenamente puedan lo hagan por el atajo y los demás en fila de uno llevando siempre el borde del camino por su mano derecha”. Gomutan eduki astodunak etortzen zirela ordu haietan Txorierritik Bilboko plazara, nahi bendejarekin, nahi esnearekin.

Lasterketa egin egin zen, jendetza batu zen bide bazterrean Egirletatik Begoñako plazarainoko tartean eta zaurituak bost baino ez ziren izan, denak arinak. Hori bai, gutxienez bi, ikusleak ziren. Arrakasta arrakasta, ez zuten berriro egin.